Ezarian. Zientzia

Ikerketa, esperantza eta xamanak

Oscar Fernandez-Capetillo bilbotarrak zuzentzen duen laborategiak tumoreetako minbiziaren zelulak suntsitzeko gai diren molekulak garatu ditu. Terapia «oso eraginkorra» dela dio CNIOko ikerlariak.

xabier martin
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Nature-k ematen duen Eppendorf sari garrantzitsua irabazi zuen 2009an Oscar Fernandez-Capetillok (Bilbo, 1974). Aurretik Swiss Bridge aitortza prestigiotsua ere eskuratua zuen, minbiziaren kontrako bere ikerketengatik. EHUn ikasitako zientzialariak beste berri on bat eman du berriki: Espainiako CNIO erakundean zuzentzen duen laborategiak tumoreetako minbiziaren zelulak suntsitzeko gai diren molekulak sortu ditu. «Oso azkar hazten diren tumoreen kontra dira eraginkorrak batez ere», dio. Molekula horiek egokiak dira estres bikoizgarria esaten diotena agertzen denean, DNAk lesioak erakusten dituen kasuetan. «Molekula hauek oso toxikoak dira p53 genea galdu duten tumoreentzat. Sarritan, gene horren galerarengatik gertatzen da kimioterapiak eta erradioterapiak huts egitea».

Dena den, Fernandez-Capetillok garbi utzi nahi du oraindik laborategian besterik ez direla probatu, «ez arratoietan, kultiboko zeluletan baizik». Baina, aplikazio klinikoa urrun egon daitekeen arren, itxaropentsu dago. «Oraindik jakinarazi ez diren datuak ditugu, esan ahal izateko terapia hau oso eraginkorra izan daitekeela hainbat tumoreren kontra». Datu horiek islatzen duten esperantzak ahalegina merezi duela uste du. «Gero eta azkarragoak dira laborategitik klinikarako jauziak. Funtzionatuko du? Ez dakit, baina aurrera egiteko ardura morala sentitzen dut».

«Ikerketa da bide bakarra»

Laborategietan dihardutenen zeregina ezin dela geratu dio ikerlariak, ez dela etsi behar emaitzak berehalakoak ez badira ere. «Ikerketa da bide bakarra, eta hori argi izan behar dugu denok. Jende asko dago lagun hurkoaren oinazearekin negozioa egiten, mirarizko terapiak saltzen». Horrekin lehenbailehen hautsi behar dela dio, eta esperantzarako mezua helarazten du: «Hainbat tumorek eragindako egoeretan, bizi-itxaropena izugarri aldatu da hobera, eta hori ikerlariei, kirurgialariei, erradiologoei, biokimikariei eta, oro har, medikuei zor diegu; eta ez sasimediku magikoei edo unibertsoarekin orekan jartzen gaituzten ustezko bitaminei. Inguruan ditugun xamanen patrikak betetzeko besterik ez dute balio horrelako kontuek».

Egia da, edonola ere, minbizia hilgarria dela oraindik, eta urtero milaka familiatara ezbeharra eramaten duela. Oso urrun ote gara tumore oldarkorrenak ere mendean hartzeko edo gutxienez arintzen hasteko? «Botila erdi hutsik ikusteko joera handia dugu, eta gaixotasun horregatik hil direnekin gogoratzen gara sarritan, baina minbiziaren kontrako borrokan aurrerapauso handiak eman dira. Haurren leuzemia gehienak sendagarriak dira; bularreko minbizia dutenen bizi-itxaropena asko igo da; eta tumore batzuk modu eraginkorre batean tratatzen hasi dira».

Cell, Nature eta Sciencie-n lanak argitaratu dituen ikerlariak laborategian bakarrik ez, etxean ere ezagutu du, «tamalez», gaitza; hala ere, botila erdi beterik ikusten du. «Hasiera baino ez da hau; orain, sekula baino saio kliniko gehiago egiten ari gara. Haiei esker bizi-itxaropena aldatuko dela sinetsita nago. Badakit hau ez dela kontsolagarria euren gaitza tratatu ezin dutenentzat, ondo dakit nik neronek; baina malkoek ezin dute errealitatea ezkutatu. Nik badakit 70 urteko adinera iristen banaiz, minbizia hitzaren ikuspegi positiboagoa izango dudala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.