Korrika

Amurriotik Donostiara, kilometroz kilometro

Amurriotik abiatuko da Korrika, gaur arratsaldean, eta Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Guztira, 2.575 kilometro egingo ditu lekukoak, eskuz esku, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena

Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean abiatuko da euskararen aldeko lasterketa, 16:30 aldera. Eta, bide horretan, milaka eta milaka izango dira euskararen alde urrats batzuk egingo dituzten euskal herritarrak.

Amurriotik ekialderantz joko du Korrikak. Aiaraldean ibiliko da, eta Artziniegatik (Araba) Balmasedara (Bizkaia) egingo du. Hurrengo orduetan Enkarterri zeharkatuko du, eta, handik, atzera sartuko da Araban. Ostiral goizaldean Bizkaira egingo du berriro ere, eta Hego Uribetik eta Durangaldetik igaro ondoren, Gipuzkoan sartuko da. Handik, baina, Gasteizerako bidea hartuko du, duela hiru urteko helmugara. 17:00ak pasatxoan iritsiko da Korrika Arabako hiriburura, eta gauera arte izango da bertan. Arabako Lautadatik, Nafarroara joango da, eta igande goizean Iruñerrira helduko da. Hurrengo egunean iritsiko da Korrika Donibane Garazira, 17:00etan, eta handik Zuberoara egingo du.

Asteazkena berriro ere Araban hasiko du Korrika, Nafarroa Beherea eta Nafarroa zeharkatu ostean. Gorbeialdeko eta Arratiako herriak goiz-eguerdi partean gurutzatuko ditu, eta handik, Bizkaiko hiribururako bidean jarriko da. 19:30ean iritsiko da Korrika Bilbora, eta gauera arte ibiliko da hiriko kaleetan. Ezkerraldea igarota, kostaldera egingo du ostegun goizaldean, eta handik Gipuzkoara iritsiko da. Egun osoa lurraldean barrena aritu ondoren, gauerdian Leitzaldera iritsiko da. Handik Lapurdira egingo du, eta bizpahiru orduz egongo da bertan, lasterketa Nafarroara itzuli arte. Larunbatean, bostak aldera iritsiko da Korrika Baionara, eta gauez Bidasoaldea eta Oarsoaldea igaro ondoren, goizean Donostiara helduko da.

Gipuzkoako hiriburua izango da 22. Korrikak zeharkatuko duen azkena. 7:30ak aldera iritsiko da bertara, eta hirian zehar bueltaka ibili ondoren, 12:30ean emango ditu azken pausoak. Orduantxe amaituko du bere ibilbidea Korrikak, eta hala, bukaera emango zaio aurtengo aldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.