Koronabirusa

Osakidetzaren gabeziak «egiturazkoak» dira, ELAk dioenez

Uste du «Jaurlaritzak azken urteotan hartutako erabaki politikoen ondorio» dela osasun langileen falta. Ez du baztertzen grebara deitzea

gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
ELA ez dator bat Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako Lehen Arretaren egoeraz egiten duen diagnosiarekin, eta ez du uste pandemiak eragindako egoera «koiunturala» denik; gabeziak «egiturazkoak» direla pentsatzen dute. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan bezala, haiek ere uste dute «zailtasunak» daudela familia medikuak eta pediatrak topatzeko, baina, sindikatuaren iritziz, zailtasun horiek «Jaurlaritzak azken urteotan hartutako erabaki politikoen ondorio» dira.

ELAren osasun arloko arduradun Esther Saavedrak egiturazko gabezia horietako batzuk zerrendatu ditu. Esan duenez, «belaunaldi erreleboa gauzatzeko erabateko planifikazio falta» dago: «Langileen batez besteko adina 50 urtekoa da, eta, aspalditik ohartarazten ari garen arren egoera hau iritsiko zela, Osakidetzaren erantzuna ezer ez egitea izan da». Gainera, «profesionalen ihesa» ere badago, lehen arretan aritzen diren askok nahiago izaten baitute beste espezialitate batzuetara, osasungintza pribatura edo atzerrira joatea lan prekaritatearen ondorioz.

Politika «neoliberalak»

ELAren Azterketa Bulegoaren arduradun Mikel Novalek esan duenez, hau guztia «Jaurlaritzak aurrekontuen arloan duen politika neoliberalaren ondorio» da. Esan duenez, Jaurlaritzak osasungintzan inbertitzen duena oso urrun dago Europako batezbestekotik: Europako Batasunean BPG barne produktu gordinaren %7,1 bideratzen da osasungintzara, eta EAEn, berriz, %5,1 baino ez.

ELAren iritziz, pandemiak lehendik zetorren egoera hau larriagotu baino ez du egin. Mobilizazioen beharra ere azpimarratu du, eta ez du baztertzen grebara deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.