Erruduntzat jo dute Bilbon urtarrilean alaba hiltzeaz akusatutako emakumea

Epaileak datozen egunetan idatziko du sententzia; emakumearentzat espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu dute fiskalak eta akusazioak

Atxuri auzoan gertatu zen hilketa, urtarrilean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

Urtarrilean Bilboko Atxuri auzoan 9 urteko alaba hiltzeaz akusatutako emakumea erruduntzat jo zuen atzo epaimahaiak. Asteon epaitu dute Bizkaiko Probintzia Auzitegian, ateak itxita, eta herri epaimahaiak ebatzi du andreak azpikeriaz hil zuela neskatoa. Epaileak erabakiko du zer zigor ezarri emakumeari; kondenarik handiena eskatu dute harentzat fiskalak eta akusazioek: espetxealdi iraunkor berrikusgarria.

 

Urtarrilaren 16an agertu zen hilda umea, haren etxeko ohean. Alboan zuen ama, konorterik gabe; 40 urte zituen andreak orduan, eta agur ohar bat utzia zuen. Botikak hartuta zeuden biak. Neskatoaren ahizpa zaharrak aurkitu zituen, eta larrialdi zerbitzuek ama salbatzea lortu zuten.

Perituek epaiketan azaldu dutenez, botikek hil zuten haurra, eta autopsiak agerian utzi du aurreko hiru hilabeteetan ere halako substantziak hartu zituela edo eman zizkiotela; halere, autopsiak ez du argitu norbaitek umea ito zuen ala ez.

Absoluzioa eskatua zuen defentsak; bere tesien arabera, etxean sartu zen gizon ezezagun batek derrigortuta jardun zen ama: alaba hiltzera eta ondoren bere buruaz beste egitera behartu zuen, baita agur oharra idaztera ere. Perituek ez diote sinesgarritasunik eman andrearen kontakizun horri. Edonola ere, defentsak argudiatu du inork ez duela azaldu zergatik hil zuen amak alaba.

Fiskaltzak, herri akusazioak eta akusazio partikularrak, ordea, defendatu dute amak hil zuela alaba; tesi hori ontzat jo du herri epaimahaiak, eta azpikeriaren larrigarria ezarri dio. Epaileak datozen egunetan idatziko du epaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.