martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Mentalitatea sinkronizatu?

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ez zuen inor ustekabean harrapatu ostiralean Espainiako lehendakari Sanchezek hauteskundeak aurreratuko zituela iragarri zuenean, baina gure herriko politikan asko geratu ziren harrituta adierazpen publiko asko egiten ez dituen Nafarroako lehendakari Uxue Barkosen proposamenarekin: Espainiako hauteskundeetara zerrenda bakar batean aurkeztea Nafarroako Gobernua babesten duten lau indar politikoak. Alegia, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra elkarrekin joatea apirilaren 28ko hauteskundeetara.

Ez gauzka ohituta Nafarroako lehendakariak ordezkatzen duen esparru politikoak (EAJ eta independenteak) horrelako elkarlan proposamenetara. Egia esan, aurrera ateratzeko oso aukera gutxi dauka proposamenak, berehala eman ziotelako ezezkoa Ezkerrak eta Ahal Dugu-k. Barkosen proposamenak agenda publikora itzuliko du azken hilabeteotan gure bi herriotako abertzale askoren ahotan egon den nahia, hau da, Espainiako hurrengo hauteskundeetara autodeterminazioaren alde dauden alderdi katalanek, euskaldunek eta galiziarrek modu bat topatzea elkarrekin aurkezteko. Eta elkarrekin joatea ezinezkoa balitz, gutxienez, nor bere aldetik joan arren, Madrilgo Kongresuan talde parlamentario bakar bat osatzea nazioen independentziaren alde dauden diputatuek. Podemosek Galiziako En Marearekin eta Kataluniako En Comu Podemekin egiten duenaren antzera.

Bestelako gaietan irizpide askatasuna edukita, bat egingo lukete —talde handi samar bat edukitzeak ematen dien indarra baliatuta— arazo nazionalei heltzeko orduan. Batek baino gehiagok etsipena adierazi du gure nazioetako prozesuen sinkroniarik ezagatik, argudiatuz indartsuagoak garela biek, edo hirurek, batera jardunda, eta ez nork bere aldetik. Eztabaida zabalik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.