Lau hileko aitatasun baimena 2019ko udazkenean jarri nahi dute indarrean

Hasiera batean, bi seme-alaba edo gehiago dituzten gurasoek eskatu ahalko dute EAEn

Haur jaioberri bat, bere aitaren besoetan, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak iragarria zuen. 2019ko aurrekontu proiektuak diru sail bat jaso du aitek eta haurdun egon ez diren amek lanean lau hilabeteko baimena har dezaten, dagokien kotizazio oinarri osoari eutsiz. 19,5 milioi euro jaso ditu aurrekontuen atal horrek. Ordea, baimen hori ezin izango da urte hasieratik eskatu. Araudia 2019ko udazkenean onartzeko asmoa du Jaurlaritzak, eta hortik aurrera baimena eskatzeko aukera egongo da, neurriak ez duelako izango atzerako eraginik.

Beatriz Artolazabal sailburuak hala azaldu zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagokion 2019ko aurrekontu egitasmoa aurkezteko saioan. Baimen hori arautuko duen araudia «udazkenean» onartzeko itxaropena agertu zuen, baina data zehatzik eman gabe. Halaber, gaineratu zuen gradualki ezarriko dela araudia, eta, ondorioz, datorren urtean baimena eskatu ahal izango dute bi haur edo gehiago dituztenek.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren 2019ko aurrekontu proiektua 1.028,9 milioi eurokoa da, 2018ko aurrekontua baino %0,7 handiagoa. Turismo eta Kontsumo Sailarekin batera, hazkunde txikiena duen saila da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren batez besteko %2,6ko igoeraren azpitik. Batezbestekoaren azpiko hazkunde horren arrazoietako bat da, besteak beste, gizarteratze politiketarako diru saila apaldu egin dela.

Gizarte politiketan %3,2ko jaitsiera izan du 2019ko zirriborroak aurtengo aurrekontuarekin alderatuta: 16,5 milioi euro. Beherapen hori diru sail batek eragin du, nagusiki: diru sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako laguntza osagarriari dagokiona. 470 milioi euro jaso dituzte bertan, aurten baino 21,3 milioi euro gutxiago. Artolazabalek azaldu duenez, hori egin dute «eskaria ere jaitsi delako», eta zehaztu du bertatik urritu den dirua beste «gizarte politiketarako» erabiliko dutela. Edonola ere, gogorarazi behar da, eskubide subjektibo bati erreferentzia egiten dion heinean, diru sail hori amaituko balitz Eusko Jaurlaritzak behar beste handitu beharko lukeela. Gizarte larrialdietarako laguntzak, berriz, %1,8 igo dituzte datorren urterako aurrekontu zirriborroan: 500.000 euro gehiago Jaurlaritzaren ekarpena osatzen duten udalerrientzat.

Laneratzea, «lehentasun»

Artolazabalek argudiatu zuen laneratze politikak sailaren «lehentasun nagusia» direla. Politika horiek «giza garapen iraunkorra» ahalbidetuko dutenak direla adierazi du sailburuak, eta horrek «euskal ekonomiari ate berriak» irekitzen dizkiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.