Jose Antonio Rodriguez.
ARGI ALDIAN

Mingostasunaren alde erlaxagarria

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Proteinak zeluletako «langileak» dira. Eta langile batzuek bezala, gure proteina askok «enpleguaniztasuna» jasaten dute. Funtzio bat baino gehiago betetzen dituzte gure zeluletan, eta kasu askotan funtzio horiek ez dute, lehen begi kolpean behintzat, zerikusi askorik.

Enpleguaniztun proteina horietako adibide nabarmen bat T2R izeneko hartzaileak dira. Hartzaile horiek zapore mingotsaren dastatze prozesuan betetzen dute euren lan ezagunena. Antenak izango balira bezala, T2Rak zelula batzuen kanpoko aldean daude. Azukrerik gabeko kafe zurrupada bat hartzen dugunean, kafean dauden molekula batzuk mingainaren atzeko aldean kokatuta dauden zelula batzuetan T2R hartzaileetara lotzen dira, eta aktibatu egiten dituzte. Behin aktibatuta, T2R hartzaileek seinale kimikoak bidaltzen dizkiote gure burmuineko neurona multzo berezi bati, eta neurona horiei esker kafearen mingostasuna nabaritzen dugu. Hori dela eta, T2R proteinak «mingostasunaren hartzaileak» deitzen dira.

Ustekabean, T2Rak dastamenarekin zerikusirik ez duten ehun eta organo mota batzuetan ere aurkitu ziren orain dela urte gutxi batzuk. Besteak beste, arnas sisteman, hesteetan edo bihotzean topatu dira hartzaile horiek. Leku horietan, mingostasunaren hartzaileen funtzioa ez da mingostasuna dastatzea. Izan ere, arnas sistemaren zeluletan aktibatzen direnean, T2Rek ez diete seinalerik bidaltzen kafearen mingostasuna identifikatzen duten neuronei. Horren ordez, muskulu zelulen erlaxazioa eragiten dutela frogatu da. Egia esan, oraindik ez dago argi zein izan daitekeen hartzaile horiek ahotik kanpo duten funtzio fisiologikoa, baina behatutako efektu erlaxagarria oso garrantzitsua izan daiteke osasunaren ikuspuntutik.

Osasun arazo batzuetan, asman eta erditze goiztiarrean besteak beste, zelulen uzkurdura anormala gertatzen da, eta erlaxazioa eragiten duen molekulak (adibidez, T2Ren aktibatzaileak) onuragarriak izan daitezke.

Asmaren kasuan, bronkioetako zelulak gehiegi uzkurtzen dira, eta saguetan egindako esperimentuen arabera, substantzia mingotsek bronkodilatadore bezala funtziona lezakete. Bestalde, erditze goiztiarrean, umetokiko zelulen gehiegizko uzkurdura gertatzen da. Substantzia mingotsek saguen umetokiko erlaxazioa lagun dezakete. Kontuz! Esperimentu horietan ez zen kafea erabili, baizik eta substantzia mingotsak bronkioetan edo umetokian zuzenki aplikatuta. Ez probatu etxean!

Ikerketa gehiago egin behar badira ere, mingostasunaren hartzaileen aktibatzaileak farmako berriak izan daitezke. Atsotitzak dio sendagai onek zapore mingotsa dutela. Kasu honetan, egia izan liteke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.