urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Beste 'brexit' aste historiko bat

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Irlandako errepublikarik ez balitz egon, litekeena da brexit-aren inguruan dagoen zaparradaren zati handiena gertatu ez izana. Dublin Edinburgo bezalakoa balitz, Theresa Mayk ez zituzkeen izango egun dituen arazoen laurdenak. Eta ingeles nazionalismoak urteotan zabaldu dituen gezur inperialistak erraz asko irentsiko zituzten askok, Irlandako arazorik gabe ere hondamendirantz doazela esaten dutenak gutxietsiz.

Brexit-aren data ofizialetik bi aste eta erdira gaude. Urtarril erdialdean Theresa Mayk Westminsterren jasandako porrot historikoa —britaniar gobernu bati parlamentuan inoiz emandako jipoirik handiena da— etzi errepika liteke. Zer gerta ere, martxoaren 12aren atzetik 13a eta 14a prestatu ditu Mayk beste bi bozketa egiteko, inork irudikatu ezin duen akordio gabeko irteeraz galdetzeko edo eta 50. artikulua indarrean sartu eta, beraz, brexit-a gauzatzeko eguna zenbait hilabetez atzeratzeko. Laburbilduz: etzi parlamentuak oniritzia emango balio, kito, brexit-a eta akordioa, biak lituzke lehen ministroak, ustez behintzat azken bi asteak ordenatu antzean emateko Europako Batasunetik irten aurretik. Inork sinesten ez duen bozketa horrek kale eginda, asteazkenean akordiorik gabeko irteeraz galdetuko die Mayk diputatuei. Ez da falta horren aldeko hardcore tory-rik, lurrikararen uhinak Mantxako itsasartearen bestaldera soilik iritsiko balira bezala, eta hondamendirik handiena Erresuma Batuak hartuko lukeela onartugabe. Asteazkenean ere ezetza gailenduta, ostegunean brexit-a atzeratzea ebatzi beharko dute Westminsterreko legebiltzarkideek.

Oraintxe bertan, aukerarik gertagarriena dirudi horrek. Brexit-a izaten ari den errusiar mendian zaila da ezer aurretiaz baztertzea, horratik. Bigarren aukera, bestalde, ez dago Londresen esku soilik, eta Europako Batasunak ondo daki horrek ez duela martxoaren 29ko bonba indargabetzen, leherketa atzeratu baino ez du egiten. Osteguneko hirugarren bozketa horretan ere ezetza irabazteak, halabeharrez eta paradoxikoki, ezetz esan zaion asteazkenekoari baietz esatea dakar: akordiorik gabe hilaren 29an irtetzea 28en klubetik.

Bruselan dagoen nazka giroaren adierazgarri ere bada, EBko gainontzeko arduradunen aldean zuhur samar jokatu izan duen Michel Barnier negoziatzaileak txio bidez aurreratzea zein asmo duen: hala nahi badu, Britainia Handia aduana batasunetik aldebakartasunez irten dadila, betiere Ipar Irlanda batasun horren barruan utzita, uhartean muga gogorrik ez ezartzeko berme gisa. Laburtuta: Mayk hauta dezala brexit-erako akordioa ala DUPeko unionisten babesa hobesten duen. Hau da, backstop ideiaren hasierako zentzura itzultzea, Ipar Irlandarako izatea. Mayk berak mahai gaineratu zuen EBko negoziazioetan tresna hori Erresuma Batuaren osotasunean egotea, hala egiazko muga Irlandako itsasoan egon ez zedin. Barnierrek garantia eman dio legezko balioa izango duela Erresuma Batuak nahi duenean utz dezan backstop hori, baina horrek ez du Irteera Akordioan dagoen «Irlandako Protokoloa» aldatzen, baldin eta Londresek bere promesari eutsi nahi badio,Irlandan kontrol posturik gabeko muga egon dadin.

Datozen egunetan zer gertatuko den nekez aurreratu liteke, bozketak bozketa; Londresen eta Bruselaren arteko konfiantza erabat galduta dago. Etxean populismo ingelesaren oldarraren aurrean uzkur, jendaurreko mezuen ustezko irmotasuna eta atzetik nabari den erregu doinuek orriak agortzen ari zaizkion egutegi batekin egiten dute topo.

Urtarrilean bertan iragarri zuen batek baino gehiagok, Mayri beldurraren estrategia baino ez zitzaiola geratzen: amildegia hurbil ikusi ahala, norbaitek akordioa onartuko zuela. Ohi dutenez, etxeko arazoen errua inori egozten dihardute orain ere tory-ak. «Oraindik ez dugu eskaintzarik jaso, eta Erresuma Batuko Gobernuak, gaia lantzeko modua aldatu, eta ulertu beharko du eurek sortu duten arazoa dela», gaztigatu dio Leo Varadkar Irlandako taoiseach gobernuburuak.

Irlandari esker, ingeles nazionalismoaren lokatza begi bistan dago. Eskoziak egindako ahaleginek Londresen gutxiespena baino ez du jaso. Asteon, Galesekin batera egin du, bi parlamentuek elkarrekin bozkatu dute Mayren brexit-aren akordioaren aurka. Downing Street-ek ez ikusi egin diezaioke, orain arte bezala; baina, amildegira hurbildu ahala, Belfasten, Cardiffen eta Edinburgon ere geroz eta argiago ikusiko dute lotuta jarraituz gero tory itsukeriarekin batera amilduko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.