martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Borrell eta Gonzalez

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ustekabean harrapatu gintuen ostiralean Pedro Sanchez Espainiako presidenteak egin zuen izendapenak: Gonzalez Laia tolosarra Kanpo Arazoetako ministroa. Josep Borrell katalana izan zen aurrekoa, eta Arancha Gonzalez euskal herritarra izango da hurrengoa.

Uste dut Borrellen kasuan esan dezakegula, besteak beste, katalana zelako izendatu zuela ministerio horretarako, Kataluniaren independentziaren aurka oso gogor jokatu zuelako izendatu aurretik; eta, bidez batez, lasaitasun mezua bidali nahi izan zien alderdikide kritikoei, oposizioari eta komunikabideei. Ez zuen edozein jarriko nazioartean Kataluniako prozesuaren olatu-horma. Frantziako jakobinoak baino jakobinoagoa zena jarri zuen.

Ezin esango dugu Gonzalezen kasuan jaioterria arrazoia izan denik izendapenerako, bizitza profesional oparoa sorterritik kanpo egin duelako erabat, eta ibilbide politiko nabarmenik gabekoa delako.

Borrellen profila politikoa izan zen erabat —nahiz iragan ekonomiko eta finantzarioa eduki—, eta Gonzalezena ekonomikoa da guztiz. Ezaguna da Borrellen izendapena oso gaizki hartu zutela katalan independentziazale askok; gertatzen ari zena kontuan hartuta, probokazioa zelako. Jelkideek ere gaizki hartu zuten izendapena, baina beste arrazoi bategatik, Garraio ministroa izan zenean oso uzkur jokatu zuelako Euskal Herrian azpiegitura inbertsioak egiteko orduan.

Gonzalezen izendapenak, gure ezjakintasuna agerian utziz, «nor dau hau?» aurpegiarekin harrapatu gaitu. Zaila izango da, Kataluniako eta Euskal Herriko errealitate nazionalak kudeatzeko orduan, Gonzalez Borrell baino estuagoa izatea; baina ezin izango dugu asko espero urte hauetan guztietan seinalerik eman ez duen goi mailako funtzionario batengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.