LEKU-LEKUTAN

Nadia

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko abenduak 9
Sare sozialek daukaten xelebrekeria horietako baten bidez —eta geure borondatez ematen dizkiegun datuekin eraiki duten memoria polizial bikainari esker—, duela urte batzuk Hego Kurdistanera egindako bidaia gogorarazi dit Facebookek. Diyarbakir Ipar Kurdistango hiriburutik Cizre hiriraino joan ginen, Jazirako lautadara iristerako gaua zen, baina jai polita zeukaten zenbait neska-mutilek lagun baten etxean. «Hemen turkierarik ez», esan ziguten heltzeaz bat; medikuntza eta farmazia ikasleak ziren Ankaran, eta beste ezeren gainetik kurdueraren militanteak. Poesia eta kantua eta pattarra eta gitarra nahasi ziren gau hartan, Mesopotamiako istorio zaharretan legez.

Biharamunean, Mem eta Zin-en hilobira eraman gintuzten. XVII. mendeko epopeia kurdua da Mem eta Zin, hurrengo urteko Durangoko Azokan eman genuen euskaraz liburua. Cizreko jaialdia Tigris ibaiaren ertzean zen, eta haren pare, ia mende bat lehenago, Siria, Irak eta Turkiako mugak marraztu zituzten, elkarren auzo eta senide ziren herri kurduak bereiziz. Eta kurduekin batera, milaka asiriar, armeniar eta beste hainbat herritar.

Irakeko muga igarota, Zakho hirian, askatasun sentipena zen, kolore kurduak nongura, Cizreko militarren presentzia itogarriarekin konparatuta. Handik, Dohuk probintziako hiriburura, eta Lalesh-eraino joan ginen. Kurduen bandera mendietan marraztuta zegoen, baita urtero martxoan suak ordezkatzen duen eguzkia ere; kurduek eta beste hainbat herrik gurtzen duten elementu garrantzitsuena da. Yazidiak dira islamaren aurreko sinesmena gorde duten kurduak. Laleshen milaka yezidik egin ohi dute erromesaldia udazkenean, eta eurekin batera iritsi ginen gu ere. Oinutsik ibili ginen milaka yezidirekin batera, Adi xeikh-aren tenplura sartzera gonbidatu gintuzten, atariko sugearen irudiaren atetik barrurantz.

Egun ederra izan zela dut gogoan, orduan ere bizimodua zaila bazuten ere: bi urte lehenago, 500 lagun hil zituzten yezidien aurkako atentatu batean. Eta mugaren beste aldean, ia ez zen gelditzen behinola kurdu gehienen erlijioa izan zen sineskera haren jarraitzailerik ia: armeniar eta asiriarren genozidioarekin batera, greziarren garbiketa etnikoarekin batera, ia yezidirik gabe gelditu zen Turkia ere —milaka batzuk baino ez daude, eta, nire zorionerako, Istanbulgo pisua alokatu zidan militante kurdua zen haietako bat—.

Oso argi zekiten zer-nolako prezioa ordaindu zuten haien arbasoek islamaren jarraitzaileen eskuetan. Baina inork ezin zuen irudikatu zer zegoen etortzear. Nadia Muradek berak aitortzen du: «Une batean nekazari neska bat nintzen, nire herrian eskolara zihoana, eta, hurrengoan, ISISen sexu-esklaboa, militante haien jabego nintzen». Lau urte dira Estatu Islamikoa izeneko taldeak Sinjar bereganatu eta yezidi genozidioa egin zuela. «Onartzeko kontzepturik zailena zait munduak, begiratu, eta ez zuela ezer egin», gogora ekarri du egunotan. 2014 hartako gure hemerotekak eta euskal herrietako protestei begiratzea baino ez dago: Gaza ageri da, baina inork ez zuen protestarik egin begien aurrean gertatzen ari zen genozidioa salatzeko.

Angela Merkelen agurraren hasieraren asteburua dugu hau. CDU alderdi kristau-demokratako buruzagitza lehendabizi orain, kantzilertza etorriko da gero; dena oso era ordenatuan. Muradekin batzartzea izan da Merkelen asteongo irudietako bat, egunotako kongresuaren aurretik. Kantzilerrak utziko dituen zuri-beltzen artean, iheslarien harrera, eta basakeriarik handienen biktima izan diren yezidiei emandako babesak eta artatzea izango dira distiratsuenetakoak zalantzarik gabe.

Oslon izango da bihar Nadia Murad, Bakearen Nobel saria jasotzen. Lehen Malala Yousafzai bezala, fanatismo matxistak eragindako milaka biktimetako bat. Emakumeak ahalduntzeko kultura eta hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du pakistandarrak. Nadia Murad Sinjar berreraikitzeko beharra ari da azpimarratzen, hori baita faxismo islamistak ez irabazteko modua: txikitu zutena berreraikitzea, gurean behin baino gehiagotan esan izan den legez, «ez dezaten esan, herri zahar bat izan zela». Mesopotamiako mosaikoa urtez urte pobreagoa baita. Eta Sinjarren asko dago jokoan, besteak beste, genozidioaren biktima izateari uko egin ziotenetako askok YPJ eta YPS bere milizia feminista —eta yezidia— eratu zutelako. Ahalduntzeko ezinbesteko tresna da kultura. Eta Bakearen Nobelak emakumearen gorputza gerra tresna bihurtzea salatzeaz bat, autodefentsa feminista txalotu eta bultzatu behar du, mundua fanatismotik babesteko lehen lerroan egon diren neska guzti horien omenez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna