Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Santa Liberdade'

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Egun hauetan 60 urte beteko dira Portugalgo Santa Maria bidaiari ontzia bahitu zutenetik, emigrazioaren ikono zena. DRIL Askapenerako Direktorio Iraultzaile Iberiarra taldeko 24 komandok bahitu zuten, munduaren aurrean salatu nahian Iberiako diktadurak, bertako herrien egoera soziala eta Espainiako Estatuko arazo nazionala. Gaur egun ere badago arazo hori, eta egunero ikusten ditugu ondorioak. Eta, bestela, zer dela-eta Kataluniako hauteskundeen inguruan sortutako zirkua?

DRIL 1960an sortutako erakunde bat izan zen, nazionalista galiziarrek, militante libertarioek eta PCE Espainiako Alderdi Komunistaren ildoarekin bat ez zetozen komunistek bultzatuta. Honela definitzen zuen bere burua: «Errepublikanoa, herriaren errepublika batentzat, iberiar nazioen herriarentzat». Behin eta berriz esaten zuten: «Uler ezazue ez garela Espainiaz eta Portugalez hitz egiten ari, baizik eta beste errepublika batzuk —hala nola gaztelarra, galiziarra, euskalduna eta katalana— aldarrikatuko dituen errepublikanismo batez».

Erakundeko arduradun nagusia Xose Velo izan zen, Galeuscaren bultzatzaileetako bat izanagatik ezaguna. Izan ere, taldearen sorreran parte hartu zuen, 1959ko apirilean, Caracasen, Joaquim Juanola Masso, Andima Ibiñagabeitia, Sandalio Tejada eta Mariano Otero Castelaorekin batera. Honela zioen taldearen printzipio adierazpenen lehen puntuak: «Galeuscak galiziar, euskal eta katalan nazioen independentzia aldarrikatzen du, Galiza, Euskadi eta Katalunia izenekin».

Xose Veloren proposamena bultzatu zuten arrazoiak indarrean daude oraindik, eta horregatik da hain problematikoa gaur egun ere haren figura berreskuratzea. Programa politiko baten barrukoa izan zen Santa Maria ontziaren bahiketa —erasotzaileek Santa Liberdade bataiatua—: egitasmo haren arabera,nazioen askatasuna onartu beharra zegoen aurretik, Portugalen eta Espainiako Estatuan demokrazia posible izango bazen. Horixe izan zen Castelaoren alderdiaren jarraitzaileen proposamen ideologikoa, 1936ko estatu kolpe faxistaren aurreko urteetan, eta gaur egun ere eztabaidan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.