Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Letrak, galegoz beti

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, maiatzaren 17an Galegozko Letren Eguna ospatzen dugu, aldarri nazionalerako egun bat. Castelaok zioen «hizkuntzari esker» garela galiziar, hizkuntza baita nazio egiten gaituzten ezaugarri printzipaletako bat. Maiatzaren 17an, hain zuzen, kalera ateratzen gara erakustera urtean 365 egun galegoz bizi nahi dugula. Zenbaitek, egun hori aprobetxatuta, azaletan erabiltzen dute Galiziako berezko hizkuntza hedabideen erritu gisa. Urtean behin baino ez, behin baldin bada ez baita kalte! Hitz egingo dugu hurrengo batean hedabide batzuek edukien %10 galegoz idazteagatik jasotzen dituzten diru laguntzez.

Oraingoan, maiatzaren 17aren atarian, parlamentuak aho batez onartu du Xabarín delako kate bat sortzea, hau da, espazio bat Galiziako hedabide publikoetan hedatuko dena eta edukiak galizieraz eta haur eta gazteentzat emango dituena. Era berean, duela aste gutxi batzuk, Galiziako Errege Akademiak azterlan bat argitaratu du —eman nizuen haren berri hemen— azalera ekarri duena zein gutxi aritzen diren galegoz DBHko ikasleak eta zer-nolako hondamendia izan den galizierarentzat Feijook onartutako eleaniztasun dekretua, arau horrek debekatu egiten baitu ikasgai zientifiko-teknikoak Galiziako hizkuntzan ematea, eta ia-ia zeharo desagerrarazi baitu galegoa Haur Hezkuntzatik.

2021 honetan, Xela Arias idazleari egingo zaio omenaldia Letren Egunean: poeta subertsibo bat, transgresorea, galiziera hizkuntza literario gisa aldarrikatu zuena. Lurralde osoan, ehunka ekitaldi antolatzen ari dira poeta hori oroitzeko, zeinak ontzioletako protesten Vigo hartatik eta hango movida-tik edan baitzuen. Aldi berean, egun hauetan, dozenaka omenaldi egiten ari zaizkio Emilia Pardo Bazani ere, hil zeneko mendeurrena dela eta. Kuriosoa da nola ari diren Galiziako instituzio batzuk haren figura goratzen. Kondesa hura, Espainiako literaturako idazle gailenetako bat, «espainiar erako galiziar» horietako bat izan zen. Coruñan jaio zen, baina ez zuen hemengo berezko hizkuntzan idatzi, ezta bere burua Galiziarekin identifikatu ere; kontrara kasik. «Konbertsio» kanpaina honen harira, Feijook orain erraza dauka Meirasko pazoa hari dedikatzea —Pardo Bazanena izan baitzen—, memoriagune nazional bihurtu ordez. Hamaika ikustekoak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.