Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galiziako osasuna, larrugorrian

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, irakurleok, urte berri zoriontsua. Galizian, osasun publikoaren kolapsoak markatua datorkigun urtea. 2022a osasun arloak gainez eginda hasi berri dugu Vigon, 14 zentro edukitzeraino itxita herritarrentzat, larrialdietarako eta COVID-19ko kasuak artatzeko izan ezik. Pontevedrakoa eta O Salneskoa ere ez daude hobeto: Kontseilaritzak %72 murriztu zuen medikuen kopurua Vilagarcian —biztanle kopuruari erreparatuta, Galiziako bederatzigarren udalerria—; asteburuko medikua kendu zuen Sanxenxon; arretarik gabe laga zuen Maringo PAC edo arretagune jarraitua; eta itxi egin zuen Salnesko ospitaleko farmazia zerbitzua, eta, hala, tratamendurik gabe utzi zituen medikazio berezia behar duten gaixoak. Adibide argiak dira, Galizia osatzen duten zazpi osasun eremuetan zer gertatzen ari den, zerbitzuak hutsaren hurrengora murriztuta eta pertsona profesionalen ahaleginari esker bakarrik eutsita.

Pandemiak larrugorrian utzi zuen osasun eredu publikoa. Osasun sistemak sekula ez daude prestatuta koronabirusaren agerraldiak edota antzekoek eragindako larrialdiei aurre egiteko, baina, horrez gainera, 2020ko martxotik gertatutakoak zera utzi zuen agerian: propaganda hutsa zela kontakizun ofiziala, zeinak Europako kontinenteko osasun sistemarik onena izango balitz bezala saldu nahi baitzuen Espainiako Osasungintza, eta argitara ekarri baitzituen hainbat hamarkadatan hainbeste murrizketaren pean egondako eredu baten ahuleziak, osasuna negozio bihurtzea izaki helburu, planteamendu ideologiko gailenekiko koherentzia erabatekoz.

Diseinu planifikatu bat dugu aurrez aurre, zeina ez baita halabeharrezkoa eta zeinarentzat Galizia laborategi moduko bat izan baitzen Romai Beccaria Xuntako Osasun Kontseilaritzaz arduratzen zen garai hartan ere, Manuel Fragaren agintaritzapean, Aznarren lehen gobernuan erantzukizun horixe bereganatzeko jauzia egin aurretik ere. Hain zuzen, urte horietan, Alberto Nuñez Feixoo izan zen Romairen kolaboratzaile nagusia; ordu hartan, Insaludeko zuzendari izendatu zuten, eta harexek ezarri zituen gaur egun oraindik jasaten ari garen osasun eredu publiko honi ekiteko erasoaldiaren oinarriak. Hortxe daude Galizian hark egindako kudeaketaren inguruko datuak: ospitaleetan 600 ohe kendu zituen 12 urtean, osasun inbertsioa atzeneko lerroan dago estatu mailan, eta Lehen Arretarako aurrekontu ekarpena Galiziako 2009ko aurrekontuetan jasotakoaren azpitik dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.