Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

1972a, urte asko urte bakar batean

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
1972. urtea Ferrol da. Ontzigintzako langileak dira, Cadizko San Fernandoko kideen hitzarmenaz bestelako bat edukitzeko borrokan, lan harremanen Galiziako eredu baten alde inoiz ez bezala, eta ez da ahaztu behar oraindik ere hori dela Galiziako sindikalismoaren parte garrantzizko baten izateko arrazoia. Langile klase bihurtutako soldatapekoak dira, frankismoaren aurka borrokan, hiria hartua zuten ordena indarren kontra eta armadari desafioka armadak ez zuen zalantzarik izan grebalariei apuntatzeko bere ontzietatik, eta hil ere egin zituztenak. Haietako bi dira Amador Rey eta Daniel Niebla: martxoaren 10ean erail zituen Poliziak, manifestazio masibo batean, jendea tiroka sakabanatzen ari zela.

1972. urtea Vigo da. Galiziako lehen hiri industrialeko milaka langile dira, lan baldintza hobeen eskean, horretarako lantoki handietako jarduera geldiarazita, indarkeria eta tortura erabiliz erantzun zien diktadura baten aurka. Historiarako, torturatzaile batzuen izenak: besteak beste, Manolo Ribera, Waldo Lopez Mazaira eta Alfredo Fernandez CaƱoto, Ferroldik joana, historia eraldatzen ari zen jende zintzoa jotzeko. Etorkizunerako, haien borroka eredua, antolatzeko eta langile borroka egiteko era berriak, eta duintasun amaigabea, irail beltz hartatik Vigoko proletarioak betiko jantzi zituena.

1972. urtea Compostela da. Unibertsitatea geldiarazi zuten ikasleak dira, kalean protestaka, abenduaren 4an Medikuntzako ikasle eta haien kide Chema Fuentes erail zutela eta. Galiziako Ikasle Iraultzaileak dira (Erga), astebete lehenago sortutako erakunde bat; talde horretako kideak izan ziren manifestazio horien buru. Berehala bihurtu zen ikasle mugimenduko elkarte hegemoniko, eta hor izan zuten sorburua frankismoaren amaieran eta trantsizioan Galizian sortutako entitate sindikal, kultural eta nekazaritza entitate ugariek.

1972. urtea beste urte asko batera baino gehiago izan zen Galiziako historian. Izan dezagun gogoan, eta ikas dezagun hortik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.