martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Gehiengo berrirantz?

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Oso sarrera indartsua eduki zuten Espainiako 2016ko hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irabazteraino, urte askotan EAJk eduki zuen hegemonia hautsiz. Gizarte horren esparru askotan ilusio freskoa sortu zutela ikusita, jeltzaleen alderdia ordezkatzeko bokazioa zeukatela esaten zuten urte haietan Ahal Dugu-ko buruzagiek, emaitza onak eskuetan.

Estatu mailako fenomenoa zela zioen tesiari arrazoia emanez, emaitza bikain haiek ez zituzten berritu Hego Euskal Herriko erakundeetako hurrengo hauteskundeetan. Gora egiteko eragin zien neurri berean eragin zien behera egiteko Espainian Ahal Dugu-k hartu zuen beheranzko joerak.

Duela aste gutxi itxi zuten Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek Espainian koalizio gobernua osatzeko akordioa. Bikote berriak EAJren baiezko botoa beharko du hurrengo asteetan Espainiako Kongresuan Sanchez presidente izendatzeko. Asteon sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Ahal Dugu-k 2020rako aurrekontuen akordioa. Zaila da ez ikustea lotura estua bi gertakizunen artean, bata bestearen ondorioa izatea, alegia; EAJk ez lukeelako inolaz ere onartuko bere botoarekin Pablo Iglesias egitea presidenteorde eta alderdi bereko euskal kideek atzera botatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak, iaz egin zuten bezala.

Autonomia Estatu berria da euskal agenda politikoan dauden gai indartsuetako bat, eta, orain arte ikusitakoaren arabera, badirudi erabakitzeko eskubidearen auzian gertuago egon litekeela Elkarrekin Ahal Dugu EAJ-PSE ardatzetik, EH Bildutik baino.

Akordioa aurrekontuetan eta, gauzatzen bada, akordioa estatutu berrian, gehiengo zabal bat egituratu liteke mendebaldeko hiru lurraldeetan, alde banatan, onerako eta txarrerako, PP eta EH Bildu utziko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.