martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Suak aurreratu dizkigute

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Sanjoanetako sua aurreratu zaigu, Vicent; atzoko egunez egin ohi dira suak gure mendi eta kaleetan, baina Nafarroako Auzitegiko magistratuek piztu ziguten sua ostegunean. Herritar gehienentzat, eta legelari eta aditu askorentzat, dudarik gabeko bortxaketa izan zen 2016ko sanferminetan bost kondenatuek egin zutena. Magistratuentzat, aitzitik, sexu abusua izan zen defentsarik gabeko emakume haren aurka egin zutena. Eta Nafarroako Auzitegi Nagusian jarritako helegiteen gaineko ebazpena etorri arte, 6.000 euro ordaintzeko baldintzarekin, kaleratzea erabaki zuten magistratuek.

Komeni da gogoratzea, konparazio gisa, Egunkaria auzian, bermea ordainduta, kartzela saihesteko aukera eduki genuenok 30.000 euroko ordaindu behar izan genituela.

Min handia sortu zuen zigor leuna erabaki zuten lehen sententzia kaleratu zutenean, jendeak bortxaketa espero eta magistratuek abusua hobetsi zutelako. Gurean, indarkeria matxistaren alorrean inoiz ikusi gabeko jendetza kaleratu zen, eta urrutira iritsi zen sententzia haren erantzuna, gure mugak aise gaindituz. Talde feministek eta legelariek ondo baliatu zuten gertatutakoa auzi horren inguruko gogoetak plazaratu eta lan pedagogikoa egiteko. Lan horren ondorioz, denok hobeto dakigu orain zer eta zergatik gertatzen den.

Mobilizazio haien arrakastak askori pentsarazi zigun ia denontzat bortxaketa izan zen auzi horretan erabaki berriak hartzeko orduan kontu handiarekin ibiliko zirela Nafarroako Auzitegiko magistratuak. Are gehiago helegiteak aztertu beharko dituzten Nafarroako Nagusiko magistratuak. Osteguneko su-emaileek bide okerra erakutsi dute, hierarkian haien gainean daudenek konpondu beharko dutena, sutea handituko ez bada. Justizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.