martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Rajoyren puru judiziala

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Kataluniako independentzia prozesuaren buruzagien aurkako epaiketako magistratuburuak, Marchenak, luze hitz egiten utzi die akusatuei, oso kasu gutxitan moztu baitie mintzaldia, nahiz kasu batzuetan esaten ari zirenak ez izan lotura zuzena aldeek egindako galderarekin. Espero zen bezala, sententzian zigorra baldin badago etorriko diren helegiteei formazko argudioak ez ematearren, zabal jokatu zuen mahaiburuak 12 akusatuekin, baita erantzunetan eduki politikoa sendoa aretoratu zuten akusatuekin ere.

Zer egin zuen Marchenak Espainiako Gobernuko kide izan ziren Rajoy, Saenz de Santamaria eta Zoido lekukoekin? Jarrera bera eduki zuen: nahi adina hitz egiten utzi zien, eta nahi izan zutena esan zuten, nahiz akusazioek eta defentsek besterik galdetu. Bidezkoa da jokabide bera edukitzea akusatuekin eta lekukoekin? Ez, inolaz ere ez.

Alde handia dago akusatua izan edo lekukoa izan, forman eta funtsean. Akusatuak kartzela zigorraren arriskua dauka, eta bere burua defenditzeko ahaleginean, onartu egiten zaio azalpen hedakorrak egitea, testuingurua azaltzea, luze jardutea. Ez da hori lekukoaren egoera, kartzelaren arriskurik ez daukalako, eta, definizioz, egindako galderei erantzun behar dielako xeheki, itzulingururik eman gabe. Askotan, «bai», «ez» edo «ez dakit» nahikoa dira lekukoaren ahoan.

Saenz de Santamariak, Rajoyk eta Zoidok akusatuak ematen zuten, Espainiako Goreneko buruak utzi egin zielako paper hori betetzen, alegia, ez zituelako estutu, uko egin zuelako lekuko gisa jardunarazteari. Abantailarekin jokatu zuten hirurek, galderei erantzun ez eta mezu politikoak botatzea onartu zielako...

Aretoan erretzea debekatuta egonagatik, inolako arazorik gabe erre zuen Rajoyk puru judiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.