Atletico Madrilen zelai gaiztoan itxura hobetzea du xede gaur Eibarrek

Jone Bastida Alzuru.
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Atletico Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak gaur Eibarrek. Ez da esperotako liga hasiera izan Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldearentzat; ezta gutxiago ere. Bi jardunaldi jokatu ostean, puntu bakarra poltsikoratu du. Emaitzez harago, ordea, zelaian emandako itxura da zalantzak sortu dituena. Berak bezala maila mantentzeko helburua duten aurkarien kontra jokatu ditu lehenengo bi partidak. Ezinean ibili zen Mallorcaren aurkako norgehiagokan, bere izaeratik urrun, eta esku hutsik itzuli zen Herrialde Katalanetatik. Zertxobait hobeto jokatu zuen hurrengo partidan, Osasunaren kontrako derbian, baina zailtasunak izan zituen aurrean min egiteko. Horren isla da neurketa osoan behin ere ez zuela jaurti atera. Partida lehiatua eta borrokatua jokatu zuten bi taldeek, baina aukera gutxikoa; hutsean amaitu zen.

Ahalik eta azkarren irauli nahi du joera hori Eibarrek, eta gaur izango du horretarako parada. Ez du edozein izango, ordea, aurrean, Atletico Madrili egingo baitio bisita. «Oso ondo dakite zertara jokatzen duten eta zer egin behar duten irabazteko», onartu zuen Mendilibarrek. Guztiz bestelakoa izan da Atletico Madrilen liga hasiera. Lehen bi partidetan garaipena eskuratu du, eta emaitza bera lortu du bietan. 1-0 gailendu zen etxean Getaferen aurka, eta 0-1 irabazi zion Leganesi Butarquen. Jakinekoa da zer zaila den Atletico Madrili gola sartzea. Lan nekeza izango du Eibarrek, baina baikorra da Mendilibar: «Edozein zelaitan lor daitezke puntuak». Horretarako, «partida osoa guztiz kontzentratuta» jokatu beharko dutela azaldu zuen. Datorren asteburuan etena izango du ligak, eta zakuan puntu gehiago dituela heltzea da asmoa.

Erabaki teknikoak tarteko,Mendilibarrek deialditik kanpo utzi ditu Pedro Bigas eta Sergi Enrich. Ezusterik ezean, aurrean Kike Garcia eta Charles ariko dira; atzean, berriz, Anartz Arbillak joka dezake ezker hegalean.

Atletico Madrilen berritasuna Diego Costa da. Zigorren eta lesioengatik, aurrelariak bost hilabete daramatza ligan jokatu ezinik.

ATLETICO MADRIL-EIBAR

Atletico Madril. Oblak; Trippier, Savic, Gimenez, Lodi; Koke,

Marcos Llorente, Saul, Lemar; Joao Felix eta Diego Costa.

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Ramis, Oliveira, Arbilla; Orellana,

Diop, Escalante, Pedro Leon; Kike Garcieta Charles.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Wanda Metropolitano (67.829 ikusle).

Ordua. 19:00etan (Mov. La Liga 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.