martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Justizia okupatuko?

2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Asko sofistikatu dira azken urteotan estatu eta probintzia kolpeak. «Zergatik probintzia kolpeak?», galdetuko zuen irakurleak harriduraz. Galde diezaietela Gipuzkoako Aldundian eta Donostiako Udalean Bilduren izenean egon zirenei.

Baina gatozen estatu kolpeetara. Gaur egun oso zakar geratzen da tankeak kalera ateratzea gobernuan dagoena kentzeko. Itsusi, ez egoki, babesten eta zuritzen oso zaila. Eliza katolikoa, bankuak eta armada izan dira, historikoki, botere faktikoak. Elizak —meza orduan sartu besterik ez dago— gero eta indar gutxiago du, eta hamar urte barru eliza erdiak itxita egongo dira. Bankuek enpresa digital erraldoi sortu berriekin banatu behar izan dute zeukaten boterea. Armadek erakutsi dute oso zaharkituta geratu direla oraingo gerra ereduan eraginkor izateko.

Zer boterek ordezkatu dituzte sailkapen horretan eliza eta armada? Elizak ez dauka ordezkorik, eta justiziak hartu du armaden lekua, gero eta maizago ikusten ari garenez.

Zein da estatusa aldatu nahi ez dutenek gaur daukaten lanabesa? Justizia, jantzi dotorez apaindua: botere propioa, independentea, apartidista, neutrala... Justiziak erabakitzen duen guztia ondo dago, presidentea bota, gobernu kartzelan sartu, komunikabideak itxi, galdeketak debekatu.

Zer da bada Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silvarekin egin zutena ostera hauteskundeetara aurkez ez zedin, estatu kolpe demokratiko bat ematea ez bada? Militarrek Salvador Allenderekin Txilen egin zutena ezinezkoa zatekeen oraingo Brasilen, ez lukeelako nazioarteko babesik jasoko. Justiziak egin zuen.

Justiziaren postu horiek eskuinaren esku uzten ditugun bitartean, jai daukagu. Ezin dugu finantza erakunde bat sortu, baina bai irabazi epaile postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.