Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Geure burua aldarrikatzea

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Hona hemen Zuzendarien Galeusca-ren lehen harria: atal berri bat gure iritzi-sail honetan, gaur estreinatu duguna eta aukera emango diguna espazio bat konpartitzeko gure kide euskaldunarekin eta katalanarekin. Halaxe onartzen dugu Martxelok eta Vicentek egin diguten gonbita, BERRIA euskal hedabidean eta Vilaweb hedabide katalanean astero gaur-gaurko gaiez iritzia emateko argitaratzen duten gutun trukera batzekoa.

Eskertzen dugu gonbidapena non-eta egoera politiko honetan, zeinak eztabaida sorrarazten baitu hala finantzaketa ereduaren inguruan nola estatuaren beraren inguruan: estatu bat zaharkitua, eraginkortasunik gabea eta gauza ez dena Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako arazoak konpontzeko. Espainia bat galarazi egiten duena frankismoaren oinordeko den estatuburu bat ustelkeriagatik ikertzea eta, era berean, asmoa duena modu demokratikoan hautatutako presidente bat inhabilitatzeko Kataluniako preso politikoen pankarta bat ez kentzeagatik. Sistema bat, are, eragotzi egiten duena CIS zentroak Koroari buruz ezer galdetzea eta betoa jartzen diena indar nazionalisten zenbait proposameni, herritarrek monarkia edo errepublika nahi duten kontsultatzekoei. Estatu zentralista bat, non dena pasatzen den—eta irteten den— Madrildik, baita pandemia ere, koronabirusaren zero eremua bihurtu baita berriro Europan, eta positiboak zentrifugatzen jarraituko baitu COVID-19aren intzidentzia apalagoa duten eremuetara.

Ke eta utzikeria usaina darion Galizia batean estreinatzen ari gara atal hau. Arazoaren errora jo nahi ez, eta baso politika ez ukitzearen alde egiten dute gobernatzen gaituztenek. Zertarako arautu mendia, ziurtzat jotzen badute suteak ezin direla saihestu? Aurrerantzean ere euriaren esku utzi beharko dugu lurraren osasuna, eukaliptoaren monolaborantzak den-dena suntsi ez dezan. Galiziako Gobernuak auzi horren inguruan agertzen duen laissez faire-aren arrazoietako bat ate birakariak dira, administrazio kontseiluetako jarleku batez jabetzeko bidea zabaltzen dutenak.

Lerro hauek amaitzeko, agur egin nahi diegu irakurle euskaldunei eta katalanei, eta eskerrak eman berriz ere Martxelori eta Vicenti, guri ere aukera emateagatik estaturik gabeko hiru nazioen arteko leiho ireki honetan geure burua aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.