Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Berriz egin dute

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, badirudi ez dela ezer ikasi pandemiaren lehen olatuan gertatutakotik. Madril da Europa osoan koronabirusaren intzidentziarik handiena duen eremua; lerro hauek idazteko orduan, 100.000 biztanleko 800 kasuren inguruan zebiltzan, eta osasun sistema, kolapsatzeko zorian. Neurriak, urriak, berandu iritsi dira. Berriz egoera berean gaude, eta, oraingoan ere, ez dute Madril itxi.

Murrizketak iragartzen dira, ez nahikoak, eta handik egun batzuetara jartzen dira martxan, «ihesaldiari» bide emateko. Ikusi genuen zer gertatu zen martxoan. Hain zuzen, CSICeko zenbait zientzialarik frogatu zuten COVID-19aren hedapenak, Espainiako Estatuan, zerikusi zuzena duela Madrildik eta Madrilera egindako joan-etorriekin. Ondorioztatu zuten lurralde bakoitzeko kasuen %65 Madrilekiko astebete lehenagoko populazio trukeari zegozkiola pandemiaren larrienean. Are, garairik larrienean izandako heriotzen %76 joan-etorri horien ondorio izan ziren.

Lehen, uler zitekeen ikusminak, esperientziarik ezak eta segurtasunik ezak inprobisaziora eraman izana eta neurri irmoagoak ez adostea eragin izana, baina orain ez. Ez dago aitzakiarik. Diaz Ayuso arduragabea da ez diolako ekin, baina Sanchez ere bai, ez duelako Madril itxi. Zergatik ematen zaio modua birusari estatu osoan zabaltzeko? Italiak Lombardia itxi zuen milioi bat biztanleko 340 kasu zituenean, eta Txinak Hubei probintzia, milioi bat biztanleko 13 kasu zeudenean; orduan, Espainiak zergatik begiratu zuen beste alde batera Madrilek milioi bat biztanleko 440 kasu zituenean?

Galdera horien erantzunak ekonomian daude estatuan, multinazionalen egoitza gehienak Madrilen daude, eta atzerriko inbertsio gehienak ere han egiten dira , eta ideologian Madril da Espainiako hiriburua, eta Espainiako Estatuaren diseinuan Madril da komunikazioen erdigunea; baliabideak, biztanleria, instituzio publikoak eta enpresa handiak xurgatzen dituen poloa; eta, nolabait, paradisu fiskala ere bada, haren zerga estrategiak beste lurralde batzuei kalte egiten baitie. Madril, lagun maiteok, koronabirusaren zentrifugagailu izango da aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.