Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Kontatu ziguten guztia, gezurra

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Vicent, Martxelo: urte luzez, egunero-egunero, esan ziguten gure osasun sistema inbidiagarria zela munduan gehien garatutako estatuetako herritarrentzat. Koronabirusa iritsi zen, ordea, eta ederki erakutsi zigun ez zela hala. Errealitatera hurbildu gintuen, eta, errealitate horretan, ospitaleetan ez dago nahikoa ohe; zainketa intentsiboetako unitateetan ere ez dago behar adina leku, eta ez dago aski langile osasun larrialdiari erantzuteko. Azkenean, ohartu gara osasun sistemaren bertuteek ere asko zutela propagandatik.

Hamarkadaz hamarkada, Espainiako «mirari ekonomikoaz» hitz egin ziguten: Nazioarteko Diru Funtsak diseinatutako eredu bat, diktadura frankista egurastekoa eta, horrela, Europako eta Estatu Batuetako kapitalari atea zabaltzekoa. Balio erantsia eguzkia zen. Eta hondartza. 2008ko leherketaren ondorengo krisiak argi eta garbi utzi zuen zer-nolako mugak dituen eredu horrek eta nola ez den gauza benetako garabiderik eragiteko; eta orain, gaur egungo pandemiako ekonomiaren kapituluak beste hainbeste erakutsi du berriro, eta agerian utzi du esan zigutena ez zela egia.

Konstituzioari buruzko erreferendumean botoa eman ezin izan zuten milaka lagunei eskolan irakatsi zieten ezen 1978an instituzionalizatutako erregimen politikoa kalitate handiko demokrazia eredu bat zela, eta diktadura batekin hautsi izanaren erakusgarria. Baina eredu hori, berez, erabilitako automobil bat da, frankismoaren tailerretan egina gerra kolonialetako piezaz edo Italiako eta Alemaniako diktadura adiskideek utzitakoez, eta urratu gutxi batzuk nahikoa izan ziren auto horri pintura kentzeko: errege bat azaldu zen bere leinukoek egiten duten horixe eginez, eta jakin genuen ipuin hura ere gezurra zela.

Krisiek modua ematen dute sistema politiko baten nolakotasunari bere erreal-errealean begiratzeko. COVID-19ak eragindako egoerak are bizkorrago azaleratu ditu lehendiko arrakalak 1978an instituzionalizatutako erregimen horretan, zeina XIX. mendean pentsatutako proiektu politiko baten legatua baita eta ez baita gai esparru nazionalean eta sozialean dituen kontraesanak konpontzeko. Espainiako Estatuaren historia, izan ere, demokraziarekiko gatazka etengabe baten historia bat da, bai eta porrotez jositako historia bat ere. Badakigu, lagunok, gezurra zela esan ziguten guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.