Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

AP-9aren labana zauria

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, Galiziako komunikazio bide nagusiaz arituko natzaizue oraingoan: komunikazio bide hori ez zuten irudikatu herrialdearen lurralde artikulaziorako azpiegitura gisa; are, barne desorekak handitzeko balio du. Egun, bi Galizia bereiz daitezke, AP-9 autobideak sorturiko arrakalak banaturik; izan ere, autobidea banalerro gisako bat bilakatu da, alde batean bizirik dirauen herrialdea duela, eta bertzean, berriz, hatsik gabe gelditzen ari dena.

AP-9a —Atlantikoko autobide ere erraten zaiona— Espainiako Estatuak Galiziari ematen dion tratuaren adibide paradigmatiko bat da. PPren eta PSOEren gobernuek hainbat luzapen onartu dituzte autobidea kudeatzen duen enpresa kontzesionarioaren alde, gidariek errepidea dohainik erabil ez dezaten. Hainbertze luzapen izan dira, non AP-9a baita Espainiako Estatuan bidesariarekin urte gehien daraman ordainpeko errepidea. Halaber, estatuko errepide sare osoko zati garestienetarik bat ere bada. Haatik, oraindik ez da gauzatu BNGk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan hitzarturiko bidesarien jaitsiera. Estatuko aurrekontuetan, 50 milioi euro bertzerik ez dira bideratzen horretarako; inolako zerikusirik ez Madrilgo errepide erradialak erreskatatzeko jarriko dituzten 4.000 milioi euro pasatxoekin.

Galiziarrak aspalditik ari dira eskatzenAP-9 autobidearen titulartasuna Galiziari emateko. Preseski, Galiziako Parlamentuak aho batez onartu du eskaera hori behin baino gehiagotan, eta, 2021eko otsailaren 2an, Kongresuak ere onetsi zuen, PSOEk eta PPk haren alde bozkaturik. Nolanahi ere, azken hilabeteotan, bai alderdi batek eta bai bertzeak behin baino gehiagotan gibelatu dute ekinbide horren tramitazioa Kongresuko Mahaian. Joan den astean, PSOEk zuzenketa bat aurkeztu zuen transferentziaren aurka eta errepideak estatuaren esku segitzearen alde.

Auzi honen inguruko jarrera aldaketak begi bistan uzten ditu alderdien arteko jokoaren logika, Espainiari obeditzen dioten indar politikoen egiazko erabakimena, bai eta Espainian Galiziari zaion begirunea ere. Espainiako alderdiek aspaldiko praktika bat baliatu dute bertze behin: jarrera politiko desberdinak defendatu dituzte Galizian eta Madrilen, eta, hala, beren alderdiaren interesei eman diete lehentasuna, herrialdearen interesen gainetik. Gainera, Martxelo eta Vicent, baieztatu da Espainiako Estatuko bertze lurralde batzuei ematen ez zaien tratua ematen zaiola Galiziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.