Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Feijoo etxera itzuliko da

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Madrildik Galiziara iritsi zen 2002an, Jose Maria Aznarrek bidalita, Galiziako PP bere onera ekartzeko, estatuko gobernuak hartutako bideak ikaratuta zeuzkala eta. Bizkarrean zeraman Insalud-en, Correosen eta beste zenbait erakunde publikotan egindako bide luzea, Opus Deiri lotuta zeuden alderdiko sektoreen babespean beti, bereziki bere mentore Jose Manuel Romay Beccariaren babespean. Nolanahi ere, Alberto Nuñez Feijoo itzultzeko faktorerik erabakigarriena zera izan zen, alderdiaren jarrerarik muturrekoenekin lerratutako norbait jartzea Manuel Fragaren gobernuan, Genovaren taktikaren zerbitzura egongo zen norbait jartzea.

Martxelo, Vicent, Zuzendarien Galeusca honetan esan izan dugun bezala, eta Espainiako komunikabide eta kazetari progre batzuek marraztu dioten soslai «moderatua» gorabehera, bi gauzarengatik nabarmendu zen Feijook Galiziako Xuntan egindako bidea: batetik, karga ideologikoagatik, eta, bestetik, nortasun galiziarrari eraso egiten zion programa neoliberal bat ezartzeagatik, FAES fundazioaren proposamenen ildoan. Presidente gisa hartu zuen lehen erabakia eleaniztasun dekretu bat onartzea izan zen: haren bidez, galiziera orduak gutxitu egin ziren eskolan, eta betoa jarri zitzaion tokiko hizkuntzari, matematika eta beste irakasgai batzuk emateko horren ordez. Gainera, osasun zerbitzuak sakon berregituratu zituen, eta, ondorioz, luzatu egin ziren itxaron zerrendak, ugaritu egin ziren osasun zentro pribatuekin egindako hitzarmenak, eta laguntzak murriztu egin ziren osasun sistema publikoan. Ez da kasualitatea azken hamarkadan pobrezia eta desberdinkeria izugarri handitu izana, lan errentaren eta kapital errentaren arteko aldea inoiz baino handiagoa izateraino.

Madrilen izan ditu beti burua eta bihotza. 2015etik egin dituen mugimendu guztiek helburu bera izan dute: estatuko PPko presidentetza eskuratzea; lehenik, Mariano Rajoyk zuzenean aukeratua izan nahian, eta, gero, Pablo Casado ahuldu eta erorarazteko maniobrak eginda. Logika horrek ondo azaltzen ditu Casadoren taldearekin ustez izan dituen desadostasunak, Ayusori garairik delikatuenetan emandako babes estua, eta estatuaren erabakiak Galiziaren interesen gainetik jarri izana. Hain zuzen, oraindik Galiziako presidente denak horrenbeste aldiz adierazi duen bezala, urte hauetan guztietan «estatuaren ordezkari komun» gisa jardun du Galizian.

Feijoo etxera itzuliko da berriz, Madrilera. Han zain dauka PP, zatituta, ustelkeriak inguratuta, eta eskuin muturrarekin duen harremanean beste pauso bat emateko prest. Ez du zalantzarik izango taktika horren alde egiteko gobernua osatu nahian, Santiago Abascal presidenteorde duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.