Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Justizia patriarkala

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Aste honetan, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusia ere batu da gizonei kondenak laburtzeko sententziak eman dituzten organo judizialen olatura; Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko 10/2022 Legeari heldu diote horretarako, hau da, soilik baietz da baietz deitzen zaion legeari. Eskuinik atzerakoiena eta Espainiako komunikabideen leize zuloetakoak berehala hasi dira Berdintasun ministroari eta haren taldeari erasotzen, amorratuta, eta gaitasun eta trebetasun nahikorik ez izatea ere leporatu diete, jarrera paternalista hartuta, gainera.

Legeak arrakalak baldin baditu eta arrakala horiek epaileei modua ematen badiete legea beren erara interpretatzeko eta erasotzaileei zigorra laburtzeko, legea aldatu egin behar da, noski, baina horrek guztiak agerian uzten du gauza bat: Espainiako justizia patriarkala dela, frankismoak kutsatua dagoela eta frankismotik oinordetzan jasoa dela. Zuek ondotxo dakizue hori, zuen nazioetan sufritua baituzue disidentzia politikoaren jazarpena. Horregatik da behar-beharrezkoa genero perspektiba ezartzea modu transbertsalean, bai legelariak trebatzeko orduan, bai legeak betearaztean.

Azaroaren 25erako gutxi falta den honetan, indarkeria matxistaren kontrako lelo ugari izango ditugu inguruan, baina, aldi berean, normaltasun osoz onartzen dugu justiziaren matxismoa, eta, are, guk ere erasotzen diogu lege horri, zeinak aurreko legeak baino gehiago babesten baititu emakumeak eta onespenean jartzen baitu arreta; hain zuzen, hori ezartzen du nazioartean Istanbulgo Hitzarmenak, indarkeria matxistaren aurka borrokatu eta hura prebenitzeko itunak.

Zer zeraman jantzita bortxatu zuten emakumeak? Emakumeak zerbait egin zuen bortxatzailea probokatzeko, ala ez? Harreman sentimentalik bazuten, ala ez? Halako galderek ez lukete tokirik izan behar epaitegietan, baina, zoritxarrez, badute. Emakumeen sinesgarritasuna susmopean jartzen dute oraindik, eta argi dago indarkeria matxistaren kontrako baliabideak ez direla nahikoa.

Psikologoak eta gizarte langileak falta dira emakumeei laguntzeko, eta, horrez gain, indarkeria instituzional izugarria dago. Ondorioz, ez da eskaintzen aukerarik biktimak areto batean eta erasotzaileak beste batean deklaratzeko, eta epailearen borondatearen esku geratzen da emakumea bere bulegora eramatea, akusatuarekin gurutzatu ez dadin. Datozen asteetan ere arituko gara gai honetaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.