Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Kolonizazio energetikoa

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bere garaian, batez ere ibaiei eragin zien kolonizazio energetikoaren prozesuak. Oraindik ere, ibaiok ustiatzen dituzte energia enpresa handiek: zergak kanpoan ordaindu, baina Galizian suntsitu. Eta dibidenduak banatzen dituzte administrazio kontseiluetako kideen artean; gehienetan, ate birakarien erakusgarri izan ohi dira. Orain, mendiak eta itsasoa daude inbasio eolikoaren mehatxupean, eta, aldi berean, gero eta jende gehiagok pairatzen du pobrezia energetikoa, eta argindarra garestiago dago.

Hain zuzen ere, dozenaka elkarteren eta erakunderen Eólica, Así Non plataformak protestara deitu du gaurko hainbat tokitan, Mendien Nazioarteko Eguna dela eta. Ohartarazi dutenez, megaproiektu eolikoek, oligopolio elektrikoaren zerbitzuan daudenez, baliorik gabe uzten dituzte lurrak eta mendiak, eta kendu egiten dizkiete orain arteko ingurumen, gizarte, ekonomia eta paisaia funtzioak.

Gaur egun, 4.000 haize errota baino gehiago daude Galiziako 106 udalerritan, eta energia eolikorako 315 proiektu. Ba al dakizue, Martxelo eta Vicent, zenbat haize errota dituen Madrilek —Galiziak urtean esportatzen duen energia gehiena hara eramaten da—? Bat ere ez. Eta, hala eta guztiz ere, argindarra prezio berean ordaintzen dute galiziar batek eta madrildar batek. Alderdi Popularreko ordezkari batzuek parte hartzen dute konpainia elektrikoetako administrazio kontseiluetan —esaterako, Beatriz Matok, Alberto Nuñez Feijooren gobernuko Ingurumen kontseilari ohiak—, eta, egoera halakoa izanik ere, PPk estatuko gobernukoengana jo du, ez konpentsazioak eskatzeko, ez Galiziak tarifa elektriko berezia izan eta galiziarrek fakturan gutxiago ordain dezaten, baizik eta bere eskumenekoak diren proiektu eolikoak bizkortzeko.

PPren energia politikaren metafora ederra da behin Feijook eta Sanchez Galanek elkarri emandako besarkada bat, Xuntako orduko presidentearen kargu hartzea ospatu zutenekoa: guzti-guztia, argindar enpresen alde eta argindar enpresentzat, nahiz eta horrek are gehiago hondoratu landa eremua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.