Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Sakon-sakoneko Espainia

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Aste honetan, sakon-sakoneko Espainiaren ahotsa entzun ahal izan da, bestelako musika batekin baina betiko hitz berberekin. Gaztela-Mantxako agintari Emiliano Garcia Pagek bat egin du Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusoren ohiko deialdiekin, eta adierazi du «garai latza» dela oraingoa, «espainol gisa mingarria» zaiona, iruditzen baitzaio arbuiagarria dela Sanchezek Kataluniarekin darabilen politika, babesa eman behar zaiola «espainol guztientzat ez diren kontsultak eragozteko ekinaldi legegile bati», eta berretsi egin behar dela «Espainia bereizezina» dela.

Aragoiko presidente Javier Lamban-ek Mantxako bere kidearen bidetik jo zuen, eta bere harropuzkeria propioa bota. Adierazi zuenez, «estatuak, independentisten saialdi separatistei aurre egingo badie, berrarmatu egin behar du, ez desarmatu»; eskatu zuen, halaber, «herrialdearen gobernabidea ez egotea muturretakoen mendean, ez independentisten mendean eta ez beste ezein ideologiatako estremisten mendean».

Ayusoren, Pageren eta Lambanen adierazpenak beren gizartearen neurria dira, Espainia hegemonikoaren adierazpide diren heinean. Aspaldiko mendeetatik aurrerapenen kontrako borrokan dabilen Espainia horrena, hauteskundeei beldur izan eta emaitzak gogoz kontrakoak dituenean baionetak edo togak erabiliz baliogabetzen dituen Espainia horrena, elkarrizketarako gai ez denez gerrara eta aurkariaren genozidiora jotzen duen Espainia horrena.

Ayusoren, Pageren eta Lambanen ahotik mintzo den Espainia horrek konstituzionalismo jantzia du soinean, espainolismoaren galako uniformea, kuarteletan josia —lehenik Primek, gero Canovasek—, eta gaur egungo erregimenaren zaindariek berriro diseinatua, zeinak dogma gisa instituzionalizatzen baitu «aberriaren batasuna», erreakzioaren bandera dena XIX.aren erdialdeaz geroztik.

Gaur egungo koiuntura politikoa ezin da azaldu Espainiaren osaera sozialaren sakoneko mamia ulertu ezean. Martxelo eta Vicent, espainolismoaren agenda ideologikoaren eguneratze baten lekukoak gara; koherentea da 98ko jendearen planteamenduarekin, Bigarren Errestaurazioko erregimenaren krisiari aurre egiteko, zeina nazionalismoen jardunak akuilatua baita, katalanenak batik bat. Errezeten osagaiak, betikoak: espainoltzea, europartzea, sorberritzea eta erreforma; hau da, goi lautadako inteligentziaren betiko laukotea.

Eta halaxe amaituko dugu 2022a. Ongi hasi urte berria, eta izan 2023 zoriontsua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.