Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ama izateko 'eskubidea'?

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ana Obregon aktore espainiarraren irudi bat argitaratu berri da: bertan, gurpil aulkian ageri da, Estatu Batuetako ospitale batetik irteten, besoetan daramala beste emakume bati alokatutako sabelean hazitako haurtxo bat. Irudiak berriz ere piztu du alokairuko sabelen auzia, baina PP eztabaida horri ihes egin nahian dabil. Galizian, hedabideek horri buruz galdetu diote Alfonso Rueda presidenteari, eta hark ez du jakin zer esan praktika horren inguruan, zeinak emakumeen eskubide eta libertateei eraso egin eta emakumeak inkubagailu bihurtzen baititu. «Ez dut nahikoa pentsatu horretaz», erantzun zuen. PPk,ordea, ezinbestean mugitu beharko du; izan ere, BNGk erasora jo du, eta proposatuko du parlamentuan adierazpen instituzional bat egitea emakumeen kontrako indarkeriaren molde berri hori gaitzesteko.

Artista madrildar horren kasuaren gisakoek agerian uzten dute dirua edukiz gero dena dela posible, baita praktika hori ere, emakumeen gorputza merkantzia bilakatzen duena eta umeak, berriz, salgai edo kontsumogai halako bat. Dirua ordainduta haur bat norbaiten sabelean hazteko kontratu bat egitea —dela desira bat betetzeko, dela gabeziaren bat arintzeko, dela ama izateko eskubide faltsua baliatzeko— legez zigortu beharko litzateke, baina ez da horrela egiten, nahiz eta abortuaren legeak ezartzen duen alokairuko sabelez baliatzea emakumeen kontrako indarkeria dela, eta nahiz eta praktika hori debekatuta dagoen Espainiako Estatuan.

Edonork eros dezake haurtxo bat «haurdunaldi subrogatua» —eufemismo galanta!— baimenduta dagoen tokietan, baldin eta behar besteko baliabideak baditu —50.000 eta 200.000 euro bitartean behar dira horretarako; kasuaren eta bitartekari jarduten duten agentzien komisioaren araberakoa izango da prezioa—, eta Erregistro Zibilean inskriba dezake. Ez dio ezerk eragotziko.

Badira, bestalde, eredu «altruista» baten alde egiten dutenak ere: alokairuko sabelak defendatzeko tranpa emotibo bat da. Aukera hori legezkoa den estatuetan ere, hala nola Kanadan, Australian, Grezian eta Erresuma Batuan, dirua dago tartean; izan ere, «eragindako gastuak» ordaintzen dira, edota haurdunaldia burura eramateko «baldintza egokiak» ziurtatzeko gastuak, eta, azkenean, gehien-gehienetan, herrialde horietan ere emakume pobretuak erabiltzen dituzte. Eta zeinek bermatzen du ez dela ezkutuan pagatzen? Niri kosta egiten zait pentsatzea inor bere sabela alokatzeko prest egongo denik trukean ezer jaso gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.