martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Aurrekontuak

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Egunotan Bartzelonan ikusten ari garen hainbat arlotako langileen protestetan entzuten ari garen kexuak, eta eskaerak, aurrekontuak onartuz gero konpon litezkeela entzun diegu Kataluniako Gobernuko arduradunei. Agintariek aurrekontuak onartzeko daukaten premiak ez lieke benetan gertatzen dena ezkutatu beharko.

Nago ni langile horiek eta oraingoz kalera atera ez diren beste horrenbestek urteotan jasan duten galera ekonomikoari aurre egiteko aurrekontu batzuk baino dexente gehiago beharko dela, oso berritzaileak izanda ere. Erosteko ahalmena galdu dute langileek, eta neurri berean lanaren kalitatea. Irtenbide egiturazkoa behar du Kataluniak, iritsiko ez dena herritarrek ordaintzen dituzten zergak Generalitatearen esku, era blindatuan, geratzen ez diren bitartean.

Hego Euskal Herriko bi egitura administratiboetan ere aurrekontuen eztabaidan gabiltza. Nafarroan Gobernuak errazago dauka, gehiengoa daukalako parlamentuan. Ez da hori EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuaren kasua, nahiko boto ez daukatelako. Iazkoak PPren laguntzarekin atera zituzten, baina EAJk Rajoy Espainiako Gobernutik botatzeko ahaleginarekin bat egin zuenetik, Genova kalean ez dute ezer jakin nahi Sabin Etxekoekin. Eusko Jaurlaritza penduluaren moduan ibili da babesa lotzeko orduan; EH Bildurekin lehendabizi, gero Ahal Dugu gertuago ikusi zuen —Pablo Iglesias Ajuria Enean bisitan egon zen garaian—, eta azken egunotan EH Bildurekin ostera.

EH Bilduk eduki sozialeko 200 milioi euroko diru sailak jarri dizkio mahai gainean EAJri aurrekontuak onartu ahal izateko. Hurrengo egunotan jakingo dugu adostasunik dagoen edo ez; erraza ez du ematen. Lortuz gero, segur aski sekula ikusi ez dugun argazki bat ikusiko dugu: EAJren, PSEren eta EH Bilduren arteko akordioa politikoki urteko bozketarik garrantzitsuena den horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.