martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Zientziaz jabetu gara orain?

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gauetik goizera gure bizitza hankaz gora jarri duen koronabirusari esker, ohartu gara zientzia eta zientzialariak oso garrantzitsuak direla. Denak ohartu gara, nonbait; kaleko jendea, zientzia politiketan batere erantzukizunik ez daukana, eta alor horretako ardura daukatenak. Ez ditugu ondo tratatzen gure osasuna hobea izan dadin lan handia egiten duten zientzialariak; eta orain, beldurra hezur mamirako sartu zaigunean, orain jabetu gara, orokorrean, oso soldata eskasak irabazten dituztela. Eta lotsatu egin gara.

Gure kontzientziak zuritzeko ariketa asko egin ditugu egunotan, antzeztutako malko asko, eta ardurak norbere gain hartzeko borondate gutxi.

Zeren ondorioz ez diegu merezi bezalako balorazioa ematen zientzialariei? Zientzia politikak bere arduradunak dauzka, soldata ederrak irabaziko dituztenak. Zientzia politika ez du kaleko jendeak erabakitzen, eta ez du balio esateak herritar xehearen errua dela botoa bati edo besteari ematen diolako. Asko zabaltzen ari da botoa ematen duten herritarrei leporatzea haien botoa jaso dutenek egiten dutenaren errua. Ez da justua, herritar horiek nahiko lan badutelako egunerokoan.

Zientzia politikak nonbait diseinatu eta erabakitzen dira: zenbat diru inbertitu, zertan, zein baldintzatan, lehentasunak... Arduradun politiko askok aurreratu dutenez, hemendik aurrera kontsiderazio handiagoa edukiko dute zientzialariekin.

Paradisu asko zabalduko omen zaizkigu etorkizunean, koronabirusak bizi garen gezurretako antzerkiaren taulan sortu duen zuloak aktore guztiak irentsi gaituelako.

Beste mundu berri bat zabalduko zaigu, eta hemendik aurrera denok oso zintzoak eta kontzientziadunak izango gara. Ikusiko dugu noiz arte irauten digun sustoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.