Espainiako Vuelta. Ion Izagirre. Bahrain-Merida taldeko txirrindularia

«Liderra izatea ez da zama, erantzukizun ederra baizik»

Ion Izagirre «gogotsu» iritsi da Vueltara, lider moduan maila emateko intentzioz. «Zalantza» sortzen dio aurrenekoz bi itzuli handi egiteak urte berean, baina ez zaio anbiziorik falta: «Onenekin lehiatu nahi dut».

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltan sasoiari errematea ematen saiatuko da Ion Izagirre (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Podiumaren lehian ibili zen Euskal Herriko Itzulian, eta bi etapatan gelditu zen garaipenaren atarian Paris Nizan, Frantziako Tourrean. Donostiako Klasikoan ere pedal kolpe ederra erakutsi zuen. Bada, Vueltan sailkapen nagusia izango du jomugan. Aurkariei aldeak ateratzeko, erlojuaren kontrako saioez profitatzen ahaleginduko da. «Diziplina horretan abantaila izan dezaket beste faboritoen aldean». Bahrain-Meridan distira egiteko azken aukeretako bat izan dezake, datorren denboralditik aurrera Astanan ariko baita, Gorka anaiarekin batera.

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta. Nola iritsi zara?

Sasoiko. Atseden egun batzuk izan nituen Donostiako Klasikoan lehiatu eta gero, eta azkeneko bi asteetan aritu naiz Vuelta prestatzen. Gogotsu nago aldartez, eta uste dut fisikoki ere ongi nagoela. Hori diote, behintzat, entrenamenduetan izandako sentipenek. Bidean ez dut inongo oztoporik izan, eta bete-betean izango naiz Malagako irteeran.

Beraz, behar bezala osatu zara Tourrean egindako esfortzuetatik?

Entrenamenduetan ondo nagoela ikusi dut. Hori bai, urte berean bi itzuli handitan parte hartzen dudan lehenen aldia izango da, eta badut zalantza hori. Ez dakit zer puntutaraino erantzungo didan gorputzak. Baina esandakoa, dena espero bezala joan da prestakuntza aldetik. Onenekin lehiatu nahi dut.

Hasieran, ematen zuen askatasun osoa izan behar zenuela sailkapen nagusia lehiatzeko, baina azkenean Vincenzo Nibali ere ariko da, Tourra eroriko batengatik utzi eta gero. Horrek ezer aldatzen du?

Espainiako Vuelta helburu gisa jarri nuen urte hasieran, sailkapen nagusiaren lehian aritzeko. Alde horretatik, ez da ezer aldatu. Taldeak sailkapen nagusirako borrokatzeko esan dit, nahiz eta Nibalik ere parte hartuko duen. Hura lesiotik nola osatu den ikustera joango da. Gauzak hala, ni izango naiz Bahrainen liderra Espainiako Vueltan.

Gorka anaia ere sartu da Bahrainen zortzikoan. Talde indartsua eramango duzue.

Bai, talde oso polita daramagu. Zalantzarik ez dut denak nire alboan egongo direla. Gero, ikusi beharko da nik nola erantzuten dudan. Lider izatearen presiorik ez dut nabaritzen behintzat. Lidergo ez da zama, erantzukizun ederra baizik. Aurten beste lasterketa batzuetan ere hartu dut ardura hori. Hiru asteko itzuli bat da, baina lasai nago.

Aurrenekoz ariko zara Espainiako Vueltan. Probak ibilbide ezberdina du Giroaren eta Tourraren aldean. Ondo egokitzen al da zure ezaugarrietara?

Ez dakit. Norbera fisikoki ondo dagoenean, berdin dio zer ibilbide tokatu; aurrean ibiliko zara seguru asko. Bestalde, egia da ibilbideak, orokorrean hartuta, ez duela antz handirik Giroan eta Tourrean ikus daitekeenarekin. Vueltan pendiz handiko igoera motzak izaten dira nagusi. Gorputzaldi ona badut, ondo moldatuko naiz.

Erlojuaren kontra 40 kilometro izango dituzue osotara. Hor kolpea eman beharko zenuke zuk.

Bai, diziplina horretan abantaila izan dezaket beste faboritoen aldean. Badaude erlojupekoetan abilak diren beste hautagai batzuk ere, baina baliteke beste batzuek arazoak izatea. Nire eremuan ahalik eta segundo gehien ateratzen saiatuko naiz.

Erlojupeko luzeaz gain, badago begiz joa duzun etaparen bat?

Ez. Egun asko dira, eta etapaz etapa joan behar duzu sailkapen nagusiari begira zaudenean. Lehen begi kolpean, ez du ematen etapa batzuk horren erabakigarriak izango direnik, baina Vueltan edonon piztu ohi da sua. Lasterketan sartuta egon beharko naiz une oro. Distira egiteko uneak izan ditzaket, baina ez dut aukeratu etapa jakin bat.

Bizkaian jokatuko da 17. etapa: Getxon hasi, eta Oiz mendian bukatuko da. Aztertu duzu azken igoera?

Ez genuen ezagutzen, eta orain dela pare bat hilabete joan ginen, oso gogorra dela esan baitziguten. Eta hala da. Egun horretan, euskaldunok alde izango dugu zaleen babesa. Garbi dago beste puntu batekin ariko garela motibazio aldetik.

Tourrean bi etapatan izan zinen bigarren. Vueltan iritsiko ote zaizu garaipenen bat?

Polita litzateke, dudarik gabe, baina ez da erraza izango, sailkapen nagusiari begira egongo bainaiz. Ihesaldietan sartzeko aukerarik ez dut izango, beraz, faboritoen artean nagusi izanda irabazi beharko nuke. Garaipenen bat badator, ongi etorriko da, baina hori ez da helburua.

Urte ederra daramazu: Tourrean egurrean ibili zara, baita aurretik Paris Nizan eta Euskal Herriko itzulian ere. Espero zenuen al horren indartsu itzultzea iazko Tourrean izan zenuen lesiotik?

Espero nuen, bai. Ebakuntza oso ongi joan zen, baita hurrengo hilabeteetako errehabilitazioa ere. Minik eta arazorik gabe hasi nuen denboraldia, eta banekien denbora kontua izango zela nire mailarik onenera iristea. Urte polita daramat; besoak altxatzea falta zait bakarrik.

Bigarren urtea eta azkena duzu Bahrainen, Gorka eta biok taldetik irtengo baitzarete urte amaieran. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Ez dago arrazoi berezirik. Bahraineko aroa bukatu da, besterik gabe. Ondo egon gara bi urte hauetan, baina, nire kasuan batez ere, ez gara bat etorri negoziazioetan. Hala, Astanara joatea erabaki dugu.

Bi urterako kontratua sinatu duzue Astanarekin. Zergatik erabaki duzue hara joatea?

Talde indartsua da, eta urte asko daramatza txirrindularitzaren munduan. Gainera, jende ezaguna dugu han: Pello Bilbao, Omar Fraile, Aritz Arberas prestatzaile fisikoa... Ivan Belasko ere fitxatu dute, materiala hobetzeko asmotan.

Zer zeregin izango duzu Astanan?

Betikoa. Badakigu Astana talde handia dela, eta Jakob Fuglsang, Miguel Angel Lopez eta halako txirrindulari indartsuak dituela, baina agian liderren bat falta zaie astebeteko itzulietarako. Hor egongo ginateke Gorka eta biok.

Espainiako Vueltara itzuliz, izar ugari izango da irteerako marran. Nor jotzen duzu zuk hautagai nagusitzat?

Hiru asteko itzulietan sailkapen nagusiaren lehian ibili ohi direnak: Quintana, Valverde, Porte, Zakarin, Majka, Kelderman, Lopez, Aru… Talde gehienek dauzkate lider bat edo bi; beraz, uste dut lasterketa polita eta lehiatua ikusiko dela.

Horien artean lehiatzeko prest ikusten duzu zure burua?

Tokia egin nahi dut kinieletan. Espero dut horretarako maila izatea, eta ea zorteak ere laguntzen digun, hori ere garrantzitsua izaten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.