ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nire Etxea

Maria Obelleiro.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, orain dela egun batzuk Nire Etxea zahar etxeko erabiltzaile batzuen irudi beldurgarriak ikusi genituen. Zahar etxe hori Pazos de Borben dago, Vigoko eskualdean. Ultzeraz jositako gorputzak agertzen ziren adinekoen zentro horretako argazkietan, eta desordena eta higiene falta ziren nagusi. Irudiak argitara eman eta zahar etxeetako erabiltzaileen eta langileen elkarteek salaketa jarri ostean, Galiziako Gobernuak aitortu zuen geriatriko horrek «gabeziak» dituela funtzionamenduan; Galiziako Xuntak finantzatzen ditu egoiliar postuetako batzuk. «Gabezia» horietako batzuek zerikusia dute osasun arreta desegokiarekin, elikadura eskasarekin eta higiene arazo larriekin.

Argazkiak eta testigantzak dauden arren, Galiziako Administrazioak uko egin zion zentroko zuzendaritzaren aurka neurriak hartzeari. Pontevedrako Enpresari Gazteen Elkarteko presidente ohia da zentro horrenjabeetako bat. Hori bai, Gizarte Politikako Kontseilaritzako Ikuskaritza Zerbitzuak espediente bat ireki zuen.

Ez da lehen aldia zahar etxe hori horrela dabilena: 2017. urtean, langileen gertuko iturrien arabera, zentroko zuzendaritzak ahaleginak egin zituen gela itxi batean ezkutatzeko zahar etxean bizitzeko baimenik ez zuten bost erabiltzaile, eta haiek ez zuten ezkutalekutik ateratzea lortu seguratsun indarrak geriatrikora iritsi ziren arte. 2019an, herri horretako udaleko oposizioko alderdi politikoek salatu zuten udalerrikoak ez ziren 11 lagun modu irregularrean zeudela erroldatuta zentro horretan; 65 urtetik beherakoak ziren guztiak, eta, ustez, Alderdi Popularreko hautagaiari botoa emateko erroldatu zituzten. Langileek jomugan eduki zituzten taldeko beste enpresa batzuk ere, etxeko laguntza zerbitzuetakoak. Izan ere, jakinarazi zuten lan baldintzak prekarioak zirela, eta zentroak berandu ordaintzen zizkietela nominak eta Gizarte Segurantzarako ekarpenak.

Geriatriko horretan gertatutakoa ez da gertaera bakan bat. Pandemiako olatuetan zahar etxeetan bizi izandako tragediak balio izan zuen begien bistan jartzeko herritar gehienek ezagutzen ez zuten egoera bat, eta, horren ostean, aipatutako kasuaren gisakoek agerian utzi dute kudeaketa ereduak porrot egin duela, etekinak eta irabaziak lortzea baitu helburu, eta ez adinekoen ongizatea bermatzea. Ezin dira esku pribatuetan utzi oinarrizko zerbitzuen kudeaketa eta ongizatea, oso gai garrantzitsuak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.