martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Nazioartean ere bai

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Aurrera segitzen dute prozesuaren epaiketa hasi aurretik egin beharreko urratsek. Ezagutu ditugu estatuaren abokatuaren kalifikazioa sedizioa, eta fiskaltzarena matxinada. Herri akusazioak ere matxinada kalifikatuko du, eta defentsak argudiatuko du, katalan gehienek uste dutenarekin bat eginez, akusatuek ez dutela deliturik egin.

Urtarrilean hastekoa omen den epaiketa, segur aski, hamarkadetan Espainiako Auzitegi Gorenean egin den epaiketarik garrantzitsuena izango da, bai Espainia barrurako, bai eta nazioarteko ikuspegitik ere. Bi modu desberdin ezagutu ditu Europak azken urteotan estatu baten barruan egon diren independentzia eskaerak kudeatzeko orduan. Batetik Eskozia, Montenegro, Kosovo, Txekoslovakia, Frantziak Kaledonia Berrian gaur bertan egin duen bezala, arazoa galdeketaren edota politikaren bidetik konpontzen saiatzen direnak, eta, bestetik Kataluniaren kasua da, errepresioaren bidea aukeratu dutenak. Bi helburu bete nahi dituzte estatu egiturek epaiketarekin: independentziazaleak zatikatzea, eta, ondorioz, prozesua geratzea.

Auzi aulkian eseriko direnei ez zaie elkartasunik faltako Katalunian, ez Euskal Herrian, ez eta Espainiako zenbait esparru politikotan ere. Baina urriaren 1eko errepresioaren irudi gogorrak munduan barrena zabalduta lortu ez zutena Europaren esku hartze sendoa lortzen saiatu beharko dute epaiketaren aurretik eta epaiketak iraungo duen tartean. Nazioartean ere jokatuko da epaiketaren partida hori. Urriaren 1eko errepresioa eguerdian geratzea nazioartean eduki zuen oihartzunaren ondorio izan zen legez, bidegabeko epaiketaren bukaeran erabateko absoluzioa edo zigor txikiak lortzeak nazioartean ere egindako lanaren bidetik etorri beharko du. Urteotan Europan prozesua begi onez ikusi duten herritarrak eta erakundeak aktibatzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.