martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Esloveniako gezur txikiak

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Berriro ikusi dugu nola manipulatu nahi izan diren hitz batzuk, eta nola zabaldu diren esatariak eman nahi ez zien adierarekin. Torra presidenteak independentziara iristeko Esloveniako bidea egokia izan zitekeela esan bezain pronto ikusi zuten sekulako pagotxa prozesuaren aurka egiteko Espainiako hainbat komunikabidek eta politikarik, iradokiz Torra herritar katalanen errebolta armatua proposatzen ari zela.

Ez naiz ni pertsonarik egokiena Torra presidentearen profila xehatzeko, baina elkarrizketa egiteko harekin igaro nituen bi orduetan ez nuen nire aurrean ikusi Kataluniako prozesuan hildakoak egotea proposatzen zuen buruzagi politikoa.

Zer gertatu zen bada egunotan horrenbeste aipatu den Esloveniako independentzia prozesu azkarrean? Nor hasi zen indarkeria erabiltzen, jendea hiltzen? Esloveniako independentziazaleak, edo Jugoslavia batuari, kosta ahala kosta, eutsi nahi zion armada jugoslaviarra?

Vicent, gu biok ondo ezagutzen dugun kazetari esloveniarrak eman dizkit argibideak. Herritarren mugimendua arrakasta hartzen ari zela ikusita, Jugoslaviako armadak hasi zuen erasoa, tankeekin eta gerra hegazkinen bonbardaketekin. Hamar egunera iritsi ez zen borrokan hildakoak: 19 esloveniar (poliziak eta zibilak), 45 jugoslaviar (denak militarrak) eta 12 atzerritar. Atzerritarren artean bi kazetari suitzar eta kamioizale batzuk, jugoslabiar aire armadak autobide batean zihoazenen aurka egindako erasoan hilak.

Nork proposatu du Kataluniako prozesuan indarra erabiltzea? Nork egin du, gerran egon gabe, egun bakar batean herritarren aurka inoiz Europan egin den erasorik handiena? Espainiako Gobernuak iazko urriaren 1ean. Komeni da gogoratzea, gezurrekin nahas ez gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.