martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Kontalariaren meteoritoa

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Nola azaldu Bartzelonara iritsi berria den kazetari atzerritar bati asteon Kataluniako independentziazaleen eta Espainiako Gobernuaren artean gertatu dena? Igual, distantziarengatik, errazago ulertuko du kanpoko kazetariak guk uler dezakegun baino.

Kataluniako independentziazaleak zuen herriaren historia eta egoera politikoa urte batzuetarako marka ditzakeen epaiketa mendekati baten atarian zaudete, eta Espainiako Gobernua, bere jarraipena baldintza dezakeen aurrekontu bozketa irabaziko duen edo ez jakin ezinik. Eta jokaleku horretan, erdi-erdian, kontalariaren meteoritoa erori da, inork ez dakiela nork eta zergatik bidali duen; are gutxiago nork gidatzen duen.

Kataluniako Gobernuak dio kontalariaren lana bi gobernuen arteko harremana lantzea dela, bitartekari izan gabe, bitartekari lana egingo duena. Espainiako Gobernuak, aitzitik, Kataluniako alderdien arteko harremana lantzera mugatzen du dena delakoaren zeregina. Batera edo bestera izan, zertarako, ordea? «Elkar hobeto ezagutzeko», aste honetan euskal buruzagi batek esan duenez? Ez al dute elkar nahikoa ezagutzen?

Ezinezkoa da akordioa bi aldeen artean, bietako batek ez badu atzera egiten. Ez dago besterik. Autodeterminazioa eta horri buruzko galdeketa tabua da, marra gorria, Espainiako Gobernuarentzat eta estatu egiturentzat. Eta independentziazaletasunak ez du behartuko Espainiako Gobernua, edozein koloretakoa dela, egin nahi ez duena egitera % 47tik gora era esanguratsuan egiten ez badu.

Denbora irabaztea da Espainiako Gobernuaren estrategia bakarra, ezer aurreratu gabe entretenitzea, zer edo zer egiten duenaren planta egitea, noiz eta epaiketa hasiko den aste berean.

Zentratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.