martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Magistratuen arreta kaskarra

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako independentziaren prozesuko epaiketaren sententzia idatzita dagoela behin eta berriro esaten dutenei—hainbat auzipetu eta abokatu tartean—, urrezko argudioa eskaini die aste honetan zazpi magistratuk osatzen duten mahaiak. Bururik irudimentsuenari ere okurrituko ez litzaiokeena gertatu baita.

Sartu zen lekuko bat deklaratzera aretora, egin zizkion Marchena epaimahaiburuak ohiko galderak, eta fiskala galderak egiten hasi zitzaionean sartu berria zen lekukoari, defentsako abokatuetako bat ohartu zen lekuko hura —epaiketan deklaratu duten ia 200 polizietako bat— aurreko hastean egona zela deklaratzen epaiketa berean. Alegia, zazpi magistratuetatik bat ere ez zela jabetu polizia horri hartu ziotela deklarazioa, ez duela bi hilabete epaiketa hasi zenean, baizik eta egun gutxi batzuk lehenago. Ezta fiskalak ere, nahiz lekuko hori fiskalek proposatuta joan deklaratzera.

Egunero ematen dizkie zuzenbide prozesaleko irakaspenak Marchenak alde guztiei, fiskalei ez denean defentsei. Gero eta gehiago mozten dizkie galderak defentsako abokatuei, ukatu egiten die abokatuei magistratuaren erabakiak kontrarguadiatzeko aukera («ez gara eztabaidan hasiko»), behin eta berriro adieraziz bera dela han agintzen duena. Nola da posible magistratu bizkorraren itxura eman nahi duen magistratua ez ohartzea lekuko hura errepikatzen ari zela? Eta poliziaren kasuan, horrenbesteko gogoa zeukan gauza bera bi aldiz esateko, ez zela ohartu —oso formakuntza juridiko kaskarraren jabe— ezin zuela bi aldiz lekuko izan?

Garai batean, eskoletan, kalifikazioak osatzeko orduan ebaluatzen ziren kontzeptuen zerrenda luzean, «jarrera» zeritzonak garrantzi handia zeukan, azterketetako noten ostean. Jokoan dagoena oso larria ez balitz —jende errugabearen urte askoko espetxe zigorra—, broma barregarriak egiteko motiboa ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.