martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Oso tarte gutxirekin

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Meteorologia mapetan bezala, Vicent, badaukagu gure herriko mapa politikoan ikono bat, autonomia estatutu berriaren ikonoa, agertu eta desagertu egiten dena, segun haizeak nondik jotzen duen. Eusko Legebiltzarrean, oinarrizko akordio zabalera iristeko aurreikusgarria zen ezintasunaz ohartuta, alderdi politikoek, ez denek pasio berarekin, batzorde bat adostu zuten parlamentutik kanpoko adituekin.

Eusko Legebiltzarrean bost talde daude, EAJ, EH Bildu, PSE, Ahal Dugu eta PP. Alderdi bakoitzak bere parametroekin bat zetorren aditua aukeratu zuen, parlamentuan ezinezkoa zena batzordean lortuko zelakoan. Serio jarrita, batzorde hori bultzatu zuten alderdietatik batek ere ez zuen espero aditu guztien arteko akordiorik, eta bi arrazoigatik. Lehena, ezinezkoa delako bost alderdi horiek bat etortzea gure herriaren etorkizun politikoaz, eta bigarrena, lor zitekeen akordioa ezin litekeelako blindatu egoera politikoaren gorabeheretatik.

Jakina da Gernikako Estatutua erabat bete gabe dagoela, eta onartu zenetik behin baino gehiagotan, urdaiazpikoa bailitzan, xerrak kendu izan dizkiotela Madrilen lege higatzaileen bidez. Eman dezagun EAJk Sanchezen izendapenaren aldeko botoa emango duela hurrengo asteotan, eta, horren ondorioz, urtebeteko epean Espainiako Gobernuak bete egiten duela estatutua. Zenbaterainoko tartea geratuko litzateke bete den estatutuaren eta Espainiako Konstituzioaren artean? Ez dirudi konstituzio horren barruan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernua kualitatiboki asko handitzeko tarterik dagoenik.

Berrogei urteren ondoren, Espainiako Konstituzioaren barruan kabituko diren zer eduki eskainita esango diete herritarrei jauzi kualitatiboa emango dutela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.