martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Esku hartze neurrigabea

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako presidente Pedro Sanchezek botere instituzional osoa zentralizatuko zuela esan zuenean pentsatu nuen hori zela, estutzen duzunean, estatu baten benetako irudia, halako «bukatu da (autonomien) jokoa, Espainia estatu bat da, eta hemen nik agintzen dut; bukatu dira bromak» moduko bat.

Gero, egunerokoan, zenbat agintzen duen ikusteko dago; gure bi herrietako berezko osasun sistemek eta polizia erakundeek, esate baterako, haien arduradun naturalen irizpideekin egingo dute lan. Baina estatugizon itxura —hori bilatzen zuen— eman zuen.

Espainiako Armadako Larrialdietarako Unitate Militarra atera du kalera, baita Euskal Herriko eta Kataluniako kaleetara ere. Zertara nagusiki, oraingoz? Desinfekzioa lanak egitera. Unitate militar berezi bat behar da gure herrietako trenak eta aireportuak uraren eta alkoholaren nahasketa den likido batekin garbiketa lanak egiteko?

Espainiako (derrigorrezko) pasaportea daukagun bitartean, alegia estatu propio bat ez daukagun bitartean, ez dut gaizki ikusten Espainiako militarrek laguntzea guri, baina ez hemengo milaka langabetuk kontratu duin batekin egingo lituzketen garbiketa lan arruntak egiteko. Oso bestelakoa litzateke egoera uholde, lurrikara eta bestelako ezbehar larriren bat gertatu balitzaigu, eta jazotakoari aurre egiteko nahiko tresna, ibilgailu berezi, landa ospitale... eduki ez bagenu. Baina ez gaude egoera horretan.

Adierazgarria da Quim Torra eta Iñigo Urkullu lehendakariak izatea estatuaren esku hartze neurrigabe horren aurka mintzatu diren bakarrak. Nafarroako lehendakari Txibitek beragandik espero zena egin du: isilik geratu.

Zaindu zaitezte, VilaWeb-eko langile eta irakurle, denon beharra daukagu-eta, hau amaitzen denean, aurrera segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.