martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Potentziometroa

2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Harrigarria da horren epe laburrean Espainiako PPri gertatu zaiona. Zentro-eskuinetik eskuin muturrera bitarteko boto emaileentzako erreferentzia bakarra, nahitaezkoa, izan da hamarkadetan, ez zegoen besterik salbu periferiako lurraldeetan. Horrela iritsi ahal izan zen, garairik onenean, 10 milioi boto baino gehiago edukitzera, esparru horretan itzala egingo zion inor ez zegoelako. Oso denbora laburrean, egoera berrira bere burua ia prestatzeko denborarik gabe, bi lehiakide atera zaizkio alde banatan: Ciudadanos (ustez) zentro aldean, eta Vox eskuin muturrean.

Orain arte nahiko boto poltsa eduki du, garai bakoitzean komeni zitzaion jokabidea edukitzeko; horrek mezua modelatzeko aukera eman izan dio, zentrora hurbiltzeko mezu lasaiago baten bidez, edo eskuin gogorrera jotzeko, tonua altxatuta. Hauteskundeak irabazi edo galdu, oso boto emaile fidela eduki du, areriorik ezean.

Erabat aldatu zaio joko zelaia PPri, azken deialdietan Ciudadanosi eta Voxi joan zaizkion botoak nola berreskuratu ez dakiela. Tapaki motza dauka burua eta oinak batera tapatzeko. Ciudadanosen politika sozialetara hurbiltzen bada, libre utziko dio bidea Voxi; eta Voxen bidetik badoa, arrisku handia dauka zentroko boto emaileek Ciudadanosen aukera hobesteko.

Politika sozialetan egon liteke desberdintasuna hiruren artean; ez, ordea, Espainiako ideiari buruzko politiketan. Politika sozialetan, proposamenen potentziometroaren 0tik 10erako eskalan, nork bere lekua topa lezake. Ñabardura horiek ezinezkoak dira Espainia denean mintzagaia, eta hirurek potentziometroaren 10ean egon nahi izatearen ondorioz, lehia bizian daude nor baino nor izan gogorragoa eta irmoagoa proposamenak egiteko orduan. «Errekonkista» eskatzen badu batek, Katalunian 155.a berriro eta betiko ezartzeko ideiarekin erantzuten diote beste biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.