Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Exkertiar jendea: Feijoo PP da

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Martxelo, Vincent, Espainiako ezkerrak hilabeteak daramatza Feijoo eta haren politikak goraipatzen, Alderdi Popularra ordezkatuko ez balu bezala, espainolismoaren eta neoliberalismoaren alderdia ordezkatuko ez balu bezala. Madrilgo prentsa aurrerakoia lanean ari da Xuntako presidentea Casadoren antitesia balitz bezala aurkezteko, eta eskuinik zentzuzkoena balitz bezala, zentristena.

Ezagutzen duzue. Feijoo presidenteak honelakoak egiten ditu: ihes egin dio Parlamentuaren kontrolari lau hilabetez; bere menpe dauzka komunikabide publikoak; hautsi egin ditu bere aurreko presidenteak parlamentuan babestutako akordioak; gurutzada bat hasi du galizieraren aurka, eta zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko proposamen ideologikoa babesten du. Horrela daukagu gero hezkuntza: ikasleak pilatuta, ikasgeletan gutxieneko tartea utzi gabe. Osasun arloko lehen arreta eraitsita daukagu: zaila baino zailagoa da errezeta bat hartzeko ordua lortzea. Erietxe publikoak bertan behera uzten ari dira ebakuntzak, kolapsatzeko zorian daudelako; osasun pribatua, berriz, Galiziako Osasun Zerbitzuarekin egiten dituen itunetatik bizi da; adinekoak artatzeko ereduak hilerri bihurtzen ditu zahar etxe pribatuak…

Feijook Xacobeoren iragarkia duten maskarak banatu ditu adinekoen artean, eta Parlamantuan ezetz esan dio ikasleei maskarak banatzeari; hauteskunde garaian bakarrik aritzen da «Galizia, Galizia, Galizia» esaka, kanpainarako lelotzat hartuta, badakielako horrek botoak emango dizkiola, baina hamabi urtez gobernuan egonda ez du eskumen bat bera ere lortu Galiziarentzat; Nós aldizkariaren mendeurrenaren inguruko erakusketak inauguratzen ditu, baina isilean gordetzen du sustatu zutenetako asko fusilatu egin zituztela, edo erbestera kondenatu; gehiago arduratzen da Sanchezi oposizioa egiteaz, nazio hau gobernatzeaz baino. Ez dezagun geure burua engainatu. Feijooren eta Casadoren artean ez dago alderik. Galiziako herria eta Espainiako herria desberdinak dira, hori bai. Haiek badakite, eta horregatik jartzen dute martxan hauteskundeetako makineria guztia botoak lortzeko orduan. Baina Madrilgo Kolon plazan egon beharra dagoenean, frankismoaren nostalgikoei eskutik helduta, segituan itzultzen da New Yorketik, eta beste edozein tokitatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.