Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Kolon plazako Espainia

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bada duela hainbat mendetatik hona aurrerapenaren aurka borrokan ari den Espainia bat: Espainia hegemonikoa, botere ekonomikoena, estatuaren aparatuak gidatzen dituena, alderdi politikoen egituretan agintzen duena; hautetsontziei beldurra diena, eta emaitzak baliogabetzen dituena, baita togak erabilita ere emaitzak gustuko ez dituenean; gerra eta aurkariaren kontrako genozidioa erabiltzen dituena elkarrizketarik nahi ez duelako; beti itzultzen dena, ez baita inoiz joaten. XIX. mendearen amaieran Kubako herriaren askatasun grina geldiarazteko kontzentrazio esparruak eta sarraski politika modernoak asmatu zituen Espainia hori, eta 1936an estatuko barne etsaiari aurre egin ziona. Espainia hori da Kataluniako preso politikoen indultuen aurka mobilizatzen dena.

Madrilgo Kolon plazan egindako manifestazioa, hain zuzen, gobernuak Kataluniako agintari nazionalisten espetxe egoera konpontzeko agertutako borondatearen aurkako protesta bat baino zerbait gehiago da. Protesta horrek ordezkatzen du 1978ko Konstituzioan definitutako statu quo-a moldatzen duen edozein aldaketaren aurka dauden espainiarren iritzia. Konstituzionalista jantzitan —kuarteletan landu zuen konstituzionalismo hori Primek, lehenik, eta Canovasek ondoren, eta gaur egungo erregimenaren zaindariek berregin dute—, barne etsaiaren aurkako beste gurutzada bati ekin diote, hau da, demokratizazioaren alde egiten duten estatuko nazioen kontra.

Egungo egoera politikoa ezin azaldu daiteke Espainiako gizarte heziketaren sakoneko olatuak ulertu gabe. Espainolismoaren agenda ideologikoa eguneratzen ari da, eta bat dator 98koek II. Berrezarkuntzako erregimenaren krisiari aurre egiteko egin zuten planteamenduarekin. Krisi hura nazionalismoen ekintzek bultzatuta sortu zen, batez ere Kataluniakoak bultzatuta, eta orain ere haiei buru egiteko errezetak dira, hain justu, espainiartzea, europartzea, birsortzea eta erreformatzea: inteligentzia mesetarioaren betiko laukotea. Berriz ere, etorkizun/patu komun bat sortzeko eraso espainiartzaile baten aurrean gaude. Barne disidentziari aurre eginez ari dira, eta helburu dute, munizio handiko kargamentu batekin, konplexurik gabeko espainiartasun bat berrestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.