Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Betoa Galiziako selekzioei

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, aste honetan PPk eta PSOEk betoa jarri diote Galiziako selekzioek nazioartean modu ofizialean parte hartzeari. BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak parlamentuko osoko bilkurara eraman zuen kontua, legez besteko proposamen gisa, herri ekinaldi legegile baten bidez —Via Gallega eskubide nazionalen aldeko plataformak bultzatu zuen, eta 6.600 lagunek baino gehiagok sinatu—. Horrek agerian utzi du, berriro ere, PPk mespretxatu egiten dituela talde nazionalak, bai baitaki kirola zein garrantzitsua den nazio identitatea eratzeko orduan.

Gaur-gaurkoz, estaturik gabeko 49 naziok eta beste zenbait lurraldek esku hartzen dute normal-normal nazioarteko txapelketetan: adibidez, Galesek, Faroe uharteek eta Gibraltarrek. Espainiako Estatuan, ordea, gure selekzioek debekatua dute gu modu ofizialean ordezkatzea, salbuespen bakan batzuetan izan ezik: futbol gaelikoan, esaterako, Galizia nazioartean lehia daiteke.

Biko gobernuaren etorrerak bidea zabaldu zuen Galiziako futbol selekzioa berriro ere joko zelaian agertzeko 2005ean. Partida hura berriz jokatu zen hurrengo urteetan ere, harik eta PPk, gobernura itzulita, Gabonetako norgehiagokak bertan behera utzi zituen arte. Parlamentuaren egoitzan bertan ikusi ahal izan zen alderdi horren ildo gogorra, zeinak Galizian ere Isabel Ayusoren aginduetara baitihardu. Non geratuko da Feijook, formei dagokienez, behinola saldu zuen «moderazio» hura? PP bere jarrerarik muturrekoena agertzen ari da orain, inolako disimulurik gabe. Hain zuzen ere, Pontevedrako presidentea arduratu zen PPren iritzia defendatzeaz, Guadalupe Murillo, Pasaron estadioan Galiziako banderak konfiskatzen ibilia.

PSOEk, berriz, legez besteko proposamen hori zuzentzea erabaki zuen, nolabait ere urardotuz, Madrilen eztabaidatzen den arau esparruarekin bateragarri izan dadin. Ondorioz, PSOEk baztertu egin zuen Galiziako taldeen ofizialtasuna.

Kirolari galiziarrek emaitza onak lortu izan ohi dituzte Olinpiar Jokoetan, baina, hala ere, zoritxarrez, oraindik ere ezin izango dugu entzun gure ereserki nazionala, eta ezin izango dugu ikusi gora jasorik gure bandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.