Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Jatekoaren kontuak

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
2022a ez da urte ona izan langile klasearentzat. Inflazioak goiti eta goiti egin du etengabe, enpresen etekinen emendatzeak bultzaturik batez ere, eta horrek apaldu egin du langileen erosahalmena, soldatak ez baitzaizkie prezioak bezainbertze igo. Horiek hala, ezin aipatu gabe utzi Galiziako eta Euskal Herriko soldaten bilakaera, haren erranahi sozial, ekonomiko eta, batez ere, politikoagatik.

Espainiako Estatua aintzat hartuta, soldatak Galizian igo dira gehien 2022an; %4,83, hain justu. Galiziaren ondotik, Euskadi da bigarren, %4,57ko igoera izan baitu; eta Nafarroa hirugarren: soldatak %4,49 igo dira han. Lurralde horietako soldata igoera bi puntu handiagoa da estatuko batezbertzekoa baino (%2,69). Preseski, Katalunia hagitz hurbil da batezbertzeko horretatik, soldatak %2,73 igo baitira.

Azpimarratu behar da soldata igoerek lotura zuzena dutela sindikatuen indarrarekin eta borrokarako prestasunarekin, kasuan kasuko gizarte eragileek gatazka pizteko duten ahalarekin eta langileen mobilizaziorako eta borrokarako gaitasunarekin. Alde horretatik, Euskal Herria eta Galizia izan dira buru Espainiako Estatuan lan gatazkei dagokienez.

Galiziak, Euskadik eta Nafarroak errealitate ekonomiko, politiko eta sozial arras desberdinak dituzte, baina ezaugarri batean bat datoz: sindikalismo nazionalista hegemoniko bat dago hiruretan, mobilizaziorako gaitasun handikoa, eta kontra egiten dio Espainiako sindikatu nagusiek trantsizio garaiaz geroztik aplikatutako elkarrizketa sozialeko eta kontzertazioko politikari, hots, patronalarekin eta gobernuarekin negoziatzeko joerari.

Sindikatu nazionalistek bultzatutako dinamika soziala eta negoziazio kolektiboaren beraren dinamika lagungarri dira Espainiako Estatu osoko langileen baldintzak hobetzeko. Horren adibide paradigmatikoetako bat da Inditexen Coruñako langileek egindako borroka, bai eta talde osoko lan dialektika aldatzeko erakutsi zuten gaitasuna ere. Badirudi periferien borrokaren ondorio direla aitzinamendu sozialak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.