martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Harrigarria

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Seguru hau ez dela Manuel Valls politikari bartzelonar frantsestuari eskainiko diogun asteburu bakarra; bitxia delako Kataluniako politikan inolako esku hartze politikorik eduki ez duen politikari atzerritar bat jartzea zerrendaburu udal hauteskundeetan, eta kanpaina zaratatsua egingo duelako, bai baitaki mezua gogortuta bakarrik lortuko duela botoak biltzea.

Frantzian edukitako porrot batetik iritsi da Valls, datorren urteko maiatzaren bukaeran beste porrot bat pairatzeko tiket guztiekin. Hautagai fitxatu horiek balio dute baldin eta alkatearen eserlekua lortzen badute, inork ez duelako imajinatzen Manuela Carmena Madrilgo Udalean oposizioburu lanetan. Arrakasta baldin badaukate alkatetzara, eta bestela, etxera.

Ezaguna da Vallsek jarri zuen baldintza izan zela Ciudadanosek bermatzea izarrez betetako zerrenda bat osatuko zutela, oso izen ezagun eta eraginkorrekin. Apustu handia egingo du lehen ministro ohi eta barne hautagai sozialista frakasatuak, gaztea izan arren bere karrera politikoarekin buka lezakeena.

Bartzelonako Udalaren osaketa ikusita, 41 zinegotzi, eta azken hauteskundeetako emaitzei begiratu bat emanda, ia ezinezkoa dauka, irabazita ere—oso zaila daukana—, alkatetzara iristea. PP salbu, beste guztietatik batek ere ez duelako haren aldeko botoa emango, PsCk ere ez.

Ciudadanosek 5 zinegotzi dauzka orain. Colau alkatea (11) eta abertzaleak kenduta—CiU 10, ERC 5, eta CUP 3—, sozialistak (4) eta PP (3) geratzen dira. Nori kenduko dizkio botoak Vallesen zerrenda izartsuak? Hipoesirik hoberenean bezain ezinezkoan ere —sozialistei eta PPri zinegotzi guztiak kenduta—, 12 zinegotzi lortuko lituzke. Zer helburu ezkutu bilatzen ote du Vallsek alkategai aurkezteko jokaldi horrekin jakinda porrot egingo duela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.