martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Saudien inpunitatea

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Saudi Arabiaren ukiezintasuna erabatekoa da, eta duda egiten dut ba ote dagoen beste estatu bat munduan estatus hori onartzen zaiona. Ukiezintasun merkea da, ez delako aurrekontuari sekulako aizkorakada ematen dion armada beldurgarri batek munduko beste estatuei eragiten dien mehatxuaren ondoriozko ukiezintasuna. Armaden bidezko nagusitasunak eragina dauka estilo zaharreko gerretan, lurraren gainean egiten diren borroketan, eta ez beti. Azkenean, munduko armadarik boteretsuena ezin izan da nagusitu talibanen aurkako borrokan, eta, oraintsu azaleratu den arren, urteak daramatza AEBetako diplomaziak irteera adostu bat negoziatzen Afganistanerako talibanekin.

Bi arma dauzka Saudi Arabiak: petrolioa eta kokapen estrategikoa. Petrolioaren bidezko presioa da ulertzen zailena egin zaidana beti, ez delako munduko herri bakarra urre beltza ekoizten duena, eta petrolioaren kartelak prezioak adostuta dauzkanez gero, ezin dielako merkeago saldu petrolioa bere babesle diplomatikoei beste aldera begiratu eta egiten dituenak ez ikustearen truke.

Saudi Arabiaren kokapen geografikoaren balioa handia da, eta are handiagoak ehundu dituen aliantza estrategikoak, AEBekin batik bat. Washington-Tel Aviv-Riad triangelua indarrean dagoen bitartean, lasai egon litezke Israelgo gobernuak, oraingoak eta etorkizunekoak; Saudi Arabia baita balantza palestinarren alde okertzeko gaitasuna daukan bakarra. Baina ez du halakorik egingo.

Dena onartzen dio Mendebaldeak Saudi Arabiari, baita islamaren barruan azken urteotan indar handia hartu duen wahabismo korronte gogorraren hedapenaren sustatzaile ekonomiko oparoa izatea ere. Gogoratu besterik ez dago aurreko errege saudiaren hiletetara mundu osotik joandako agintarien zerrenda luzea.

Estatus hori onartzen zaielako egin dute inpunitate osoarekin Khaxoggirekin egin dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.