martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Denbora irabazi nahian

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ondo egingo zituen kalkuluak Espainiako presidente Sanchezek osteguneko bilerak Espainiako lehia politikoan ekar ziezazkiokeen onuren eta kalteen inguruan. Ez dabil proiektu handietan sartzeko moduan, eta nahiko lan badauzka etxeko baroiak baretzen.

«Elkarrizketa eraginkorrean» sakontzea adostu dute Torrak eta Sanchezek, bileraren ondoren kaleratu zuten agirian ageri denez. Zertarako elkarrizketa prozesu hori, lehenak erreferendum adostua eskatzen dionean bigarrenak autogobernua gehiagorekin erantzuten badio?

Bietako inork bere jarrera aldatzen ez badu —ez du ematen gertatuko denik—, betiereko berdinketa daukagu. Zer eskain lezake irteera posizioan dagoen gobernu batek, oraindik erabaki ez duen batek hauteskundeetara datorren maiatzean deituko duen edo ez? Independentziazaleak gogobeteko dituen ezer ez; bere buruari, aitzitik, denbora irabaztea, Kataluniako gatazka elkarrizketaren erreian jarri duela erakutsi, horrek Espainian arnasa hartzeko aukera emango diolakoan.

Esparru judizialean egin lezake eskaintza bakarra Sanchezek: prozesuko fiskalaren jarrera aldaketa epaiketaren bukaeran, zigor eskaerak nabarmen jaitsiz. Asko batzuentzat, eta oso gutxi besteentzat, baina hori bakarrik eskain lezake. Eta hori ere ez badu eskaintzen, non geratzen da «elkarrizketa eraginkorra»?

Estatu egiturek ez daukate presarik, independentziazaleek halako batean Kataluniako Legebiltzarrean gehiengoa galdu, eta arazo larria zena kezka handirik gabe kudeatzeko afera bihurtuko delakoan.

Espainiako hauteskundeetan, aldiz, bi itxaropen. Aurrenekoa, Andaluzian bezala, eskuinak irabaztea. Bigarrena, Sanchezek irabazten badu, nahikoa aldearekin irabaztea, katalanek dauzkaten 17 eserlekuen mende ez egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.