martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Zekenak eskumenekin

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak akordioa egin du Eusko Jaurlaritzarekin 33 eskumen urtebetean transferitzeko: hileko ia hiru eskumen. Sinesgarria da 35 urteotan eskumen horiek eskualdatzeari uko egin dion estatuak —UCD, PSOE eta PPko gobernuekin— horren denbora gutxian egitea? Fede politiko handia behar da sinesteko horrela izango dela, ikusita alde batetik hamarkadetan ez dutela egin nahi izan, eta, bestetik, konpromisoa hartu duen gobernuak 85 diputatu bakarrik dauzkala eta ez dakigula zenbat iraungo duen boterean. Erraza da, eta merkea, beteko ez diren konpromisoak hartzea. Lehendik egin dute, eta —jarrera asko aldatu ezean— aurrerantzean ere egingo dute. Merke ateratzen zaiehorrela jokatzea.

Oso zekenak izan dira Espainiako gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Autonomia Estatutua betetzeko orduan; behin baino gehiagotan esana dauka Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak UCD gobernuan egon zen bitartean eskuratu zituztela eskumen gehienak. Sozialistak 1982an gobernura iristearekin batera hasi zen eskumen lehortea, gaur egun arte iraun duena.

Ohartu beharra dago hamarkadotan akordio politikoak egin dituela EAJk PSOErekin (Gonzalez eta Zapatero) eta PPrekin (Aznar eta Rajoy), eta, hori gutxi balitz bezala, komeni da gogoratzea koalizio gobernua osatu zutela jeltzaleek urte luzez Ardanzaren garaian sozialistekin —1986tik 1998ra—, eta Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zela lau urtez. Ezta horrela ere!

Ustez eskumen horiek gobernu batetik bestera pasatzeko egoera hobea zenean ez bazituzten askatu, urteetan elkarrekin gobernatu dutenean ez bazuten egin, zer sinesgarritasun dauka Sanchezen gobernuak hartutako konpromiso horiek beteko dituela pentsatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.