martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Euskaldunon garaia da

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Katalan independentziazaleek egin zuten egin beharrekoa; alegia, independentziazaleak zirela esateari utzi, jendea antolatu, eta, prozesu bateratzaile baten ondoren, herritarrei hitza emateko eskubidea praktikan jarri. Herrietako galdeketetan hasi, eta urriaren 1ean bukatu. Garesti ordaintzen ari dira mitineko independentziazaletasun deklaratibotik independentziazaletasun errealera, benetakora eta kontsekuentera igarotzea, oso garesti. Urtebete baino gehiago daramate espetxean eta erbestean. Denek, magistratu instruktore baten erabaki injustuaren ondorioz.

Zer egin dezakegu katalan ez garenok eta urteotan Katalunian gertatu dena arretaz segitu dugunok? Elkartasuna adierazi, oinarrizko eskubide bat dagoelako jokoan: herriek erabakiak hartzeko heldutasunaren eskubidea. Kataluniak independentea izan behar duen iritziarekin ados egon edo ez, independentziara heltzeko erabili duten bidea gustatu edo ez, eztabaida zilegizko horien aurreko auzi bat dagoelako jokoan. Behin eta berriro, irudika ditzakegun bide guztiak erabiliz, eskatu diote katalan independentziazaleek akordioa Madrili, erreferendum bat egiteko modua adostea. Behin eta berriro eman diete ezezkoa Espainiako Gobernuak, Podemos salbu alderdi politiko nagusiek eta estatu egiturek. Eta boto kutxak jartzeagatik, urte askotako kartzela zigorraren arrisku benetakoa daukate.

Garaia da gogoratzeko euskaldunok zenbaterainoko elkartasuna jaso dugun katalanengandik, ez bakarrik azken urteotan bultzada politikoarekin aurrera eramandako auzietan, hala nola Egin, Euskaldunon Egunkaria, Haika-Jarrai, 18/98, Udalbiltza, Bateragune... Askoz aurrekoagoa da katalanek euskaldunekin eduki duten elkartasun hori. Zenbat euskaldunek hartu zuten babesa Katalunian Francoren estatu kolpearen ondorioz, edo Francoren aurkako borrokaren garaian.

Gure garaia da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.