martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Eskuina praktikoa da

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Aurreko deialdietan bezala, udal eta foru hauteskundeetan Nafarroa izango da gurean, Vicent, hizpide gehien sortuko duena, Espainiako estatu egiturentzat bezain garrantzitsua delako euskal herritar askorentzat. Azken lau urteotan gobernuak oso gehiengo justuaren babesa eduki du, boto gutxiren aldearekin irabazi baitzituzten Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak aldaketaren aldeko lau alderdiek: Geroa Bai, Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Aulkirik gabe geratu zen Ciudadanoseko hautagaiak UPNri higatu zizkion 9.993 botoen ondorioz ezin izan zuten betiko gobernua osatu oposizioan geratu behar izan zuten UPNk, PSNk eta PPk. Akats hura ez errepikatzeko, haien arteko desberdintasunak alde batera utzi, eta zerrenda bakarra osatzeko akordioa egin dute asteon UPNk eta PPk lehendabizi, eta ondoren Ciudadanosekin; politikan eskuinak praktiko izateari sekulako garrantzia ematen diola beste behin erakutsiz. Helburu batek biltzen baditu, hori lehenesten badute, alegia, aldaketaren aldeko alderdiei ez ematea aukera gehiengoa berretsita gobernuan segitzeko, zertarako ahuldu aukera hori alde batekoen zatiketarenbidez? Bizkor jokatzen du horrelakoetan eskuinak, jokoan daukana —Nafarroa, estatu auzia— garrantzitsua denean. Behin bakarrik sartzen du hanka.

Eskuina bat eginda iritsiko da maiatzeko hauteskundeetara, baina ezin da beste horrenbeste esan aldaketaren aldeko alderdiengatik. Ahal Dugu, gutxienez, bitan zatitu da, eta egoera horrek —ez da faktore bakarra— ez dio lagunduko gehiengoari eusteko.

Non geratu da Katalunian helburu bera dutenen arteko ekintza batasuna? Zergatik Nafarroan eskuin antieuskaldunak egin duena ezin dute egin Kataluniako independentziazaleek? Elkarren ezinikusia handiagoa da Kataluniako abertzaleen artean Nafarroako eskuinekoen artean baino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.