martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hauteskunde Batzordea

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Hauteskunde Batzordeak gero eta antz handiagoa dauka erakunde partidista batekin, azken asteotan hauteskundeetara aurkezten diren politikariak baino leku gehiago hartzen ari delako komunikabideetan. Orain arte ezagutu duguna baino askoz gehiago.

Lehendabizi, debekatu egin zien Kataluniako erakunde publikoetako arduradunei xingola horia jartzea eraikin publikoetan, irudi alderdikoia zela argudiatuz. Gero, Kataluniako komunikabide publikoetako profesionalei erbesteratuak eta preso politikoak espresioak erabiltzea galarazi zien, kazetarien esparru deontologikoan neurrigabe sartuta. Preso politikoak espresioa erabili ezin zitekeela ohartuta, prisis pilitics erabiltzen hasi ziren TV3eko saio batean; hura ere debekatu egin zuen Hauteskunde Batzordeak, askoren harridura gaitasuna erabat txikituz. Onartezina da, aukera berdintasunaren izenean, behartzea kazetariak eztabaida politikoan dauden hitzak ez erabiltzera.

Azkena, oraingoz, Kataluniako independentzia bultzatzeagatik erbestean dauden Puigdemont presidentea eta Comin eta Ponsati kontseilariak Europako hauteskundeetarako Junts per Catalunyaren zerrendatik kanpo uztea izan da. Hauteskunde Batzordeak ez zuen erabakia aho batez hartu, eta Madrilgo hodeiak irakurtzen dakitenek diote eztabaida gartsua izan zela batzordeko kideen artean; batzordeko lau kide —horietako bi, magistratu—, hiru hautagai horiei parte hartzea debekatuko zien erabakiaren aurka zeudelako. Helegitea agindu dute hiru hautagaien defentsek, aurki ebatzi beharko dena, betiere kanpaina hasi aurretik: maiatzaren 10a.

Beste erakunde bat erabateko dedikazioa ari zaiona eskaintzen Kataluniari; beste bat, Auzitegi Konstituzionalak, Auzitegi Nazionalak, Espainiako Gobernuak, zerbitzu sekretuek, poliziek eta beste askok osatzen duten zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.